Telmo Esnalek zuzendutako Dantza filmaren (Txintxua Films, 2018) grabatze saioetako argazkiekin osatu du Kameren aurrean dantzari izeneko erakusketa Xabier Artola argazkilariak. Bilduma Donostiako Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen erakusketa aretoan egongo da ikusgai otsailaren 6ra arte. Hil horren 12tik martxoaren 19ra berriz, Zaruzko Photomuseumera egingo du jauzia.
Artolak bere blogean azaldu duenez, “saio horietan argazkiak egitera gonbidatu nindutenean, ez nekien zer aurkituko nuen; zinemaren mundua ez nuen barrutik ezagutzen eta ez nekien zer-nolako egoerak eta aukerak izango nituen argazkiak egiteko”. Argazkilaria estreinakora joan zen, baina, “Igartubeiti baserriko argi-itzaletan eta kameren aurrean dantzarien oin biluziek zurezko zorutik harrotzen zuten hautsaren artean lehen klikak egiten hasi orduko, ernamuindu zen niregan erakusketaren bidez aurkezten dudan proiektu fotografikoa”.
“Argazkiotan ikusten den edertasunaren sortzaile diren neurrian, honako hauek aipatu nahi nituzke hemen: hasteko, esan behar da Argia Dantzari Taldekoen esku egon direla filmeko dantza gehienen koreografia berritzaileak, eta testuinguru horretan nabarmendu behar da, nola ez, taldearen alma mater-a den Juan Antonio Urbeltz, zeinek urteak eman baititu euskal dantza tradizionalen ikerketan; hain zuzen ere, ikerketa horren emaitzak islatzen dira, nolabait, filmean eta filmak kontatzen digun istorioan; bestalde, jantzien eta atrezzoaren atzean daude Koldobika Jauregi eskultorea eta filmaren zuzendari artistikoa den Elena Cajaraville, zeinei zor baitzaie, neurri handi batean, Dantza-n miretsi ahal dugun estetikaren sorkuntza; eta azkenik, filmaren zuzendaria ez ezik, Javier Agirre argazki zuzendaria ere aipatu nahi nuke, haren errua ere bai baita erakusketa honetako argazkiotan islatzen saiatu naizen iruditeria”.