‘Dantza’, ‘Mugaritz BSO’ eta ‘Los pasos dobles’ filmak We Are One zinemaldian

Maiatzaren 29tik ekainaren 7ra bitartean, ehun film baino gehiago eskainiko dituzte zinemaldiaren Youtube kanalean.

Tribeca Enterprisesek eta Youtubek We Are One: A Global Film Festival zinemaldiaren programazioa iragarri dute. Munduko jaialdirik esanguratsuenek bat egin dute egitasmoarekin, eta, maiatzaren 29tik ekainaren 7ra bitartean, ehun film baino gehiago eskainiko dituzte zinemaldiaren Youtube kanalean. 35 herrialdetako 21 zinema-jaialdi garrantzitsurekin elkarlanean. Donostiako Zinemaldiak hiru film aukeratu ditu: Dantza (Telmo Esnal, 2018), Mugaritz BSO (Juantxo Sardon, Felipe Ugarte, 2011) eta Los pasos dobles (Isaki Lacuesta, 2011).

We Are One: A Global Film Festival zinema-jaialdiak kultura ezberdinak irizpide artistikoetatik ezagutzeko aukera eskainiko die ikusleei: sail ofizial bakoitza prestatzerako orduan, parte hartu duen zinema-jaialdi bakoitzaren berezitasunak nabarmentzea izan dute helburu, eta, aldi berean, zinemagileei agertoki globalean ahotsa ematea. Film asko lehenengoz egongo dira zinema-jaialdian.

Zinema-jaialdiaren programazioak nazioarteko bokazioa du zinez; 35 herrialde baino gehiago egongo dira ordezkatuta eta honako hauek hartuko ditu barnean: fikzioko 23 film luze eta zortzi dokumental; fikzioko 57 film labur eta 15 film labur dokumental; artxibategietako 15 solasaldi (baita zinema-jaialdiko lau solasaldi esklusibo ere) eta errealitate birtualeko bost pieza.

Programazioan honako hauek nabarmentzen dira: Ricky Powell: The Individualist-en aurkezpena; Eeb Allay Ooo!-ren online estreinaldia; eta Iron Hammer dokumentala. Ikusleek 50 film labur narratibo eta dokumental baino gehiago ikusi ahal izango dituzte, proposamen interesgarriak tartean. Honako hauek, besteak beste: The Yalta Conference Online fikzioko film labur japoniarraren munduko estreinaldia; Third Eye Blind ekoiztetxearen Motorcycle Drive By film labur dokumentalaren munduko estreinaldia, bai eta Dreamworks Animation-en lehen film laburrak ere: Bilby, Marooned eta Bird Karma. Telesailen programazioari dagokionez, Losing Aliceren munduko estreinaldia nabarmendu beharra dago, protagonistak emakumeak diren Israelgo thriller psikologiko neo-noir bat, eta And She could be next, bi ataleko telesail dokumentala, kargu publiko baterako aurkezten diren emakume beltzen esperientziei buruzkoa (Stacey Abrams eta Rashida Tlaib ere ageri dira).

Zinema-jaialdi globalak parte hartzen duten zinema-jaialdi hauen nortasunaren arabera hautatutako programazioa izango du: Annecy, Berlin, Londres, Cannes, Guadalajara, Macao, Rotterdam, Jerusalen, Mumbai, Karlovy Vary, Locarno, Marrakex, New York, Donostia, Sarajevo, Sundance, Sydney, Tokio, Toronto, Tribeca eta Venezia.

Hala, Donostiako Zinemaldiak hiru izenburu hautatu ditu We Are One ekimenean proiektatzeko: Isaki Lacuestaren Los pasos dobles (Oinkada bikoitzak, 2011) filma, Urrezko Maskorra irabazi zuen; Dantza (Telmo Esnal, 2018), 2018an Sail Ofizialean eskaini zuten; eta Felipe Ugarte eta Juantxo Sardonen Mugaritz BSO (2011). Donostiako Zinemaldiaren zuzendari Jose Luis Rebordinosen hitzetan, hiru film hauek “garrantzitsuak” izan dira jaialdiaren azken urteetako ibilbidean. Bere iritziz, We Are One “aparteko esperientzia” da, “garai oso zail hauetan” zinema-jaialdien arteko lankidetza ahalbidetzen duena. Era horretan, “zinemagileek irudi eta soinuekin kontatzen dizkiguten istorio horiek mundu osoko etxe guztietara eta pertsona guztiengana iritsi ahal izango dira”.

Zinemaldiaren Proiekzioak

Mugaritz BSO: 2020/5/31 (5:00etan).

Dantza: 2020/6/4 (18:15ean).

Los Pasos Dobles (Oinkada bikoitzak): 2020/6/6 (16:15ean).

Zinema-jaialdiaren programa osoa hemen.

Zabaldu: