Italia izango dute herrialde gonbidatua, Tempi di danza Italiako dantza garaikidearen hedapenaren alde lan egiten duen erakundearen laguntzari esker.
Dantzaldia 2024, Nazioarteko Dantza Jaialdiaren edizio berria, aurkeztu dute , Bilboko Arte Ederren Museoan. “Jaialdiaren 25. urteurren hau ediziorik nazioartekoena izango da”, aurreratu dute antolatzaileek. Italia izango dute herrialde gonbidatua, “Tempi di danza Italiako dantza garaikidearen hedapenaren alde lan egiten duen erakundearen konplizitateari esker”, azaldu du Laura Etxebarria Dantzaldiako zuzendarikideak.
Hala, Alpeetako hiru konpainiak ikuskizun bana estreinatuko dute: Nicola Galiren Deserto tattile, azaroaren 7an, Alondegian; Luna Cenereren Shoes on, azaroaren 17an, La Fundicion aretoan; eta Jacopo Jennaren Some Choreographies, azaroaren 21ean, Alondegian hau ere. Azaroaren 30ean, berriz, laugarren estreinaldi bat izango da, baina kasu honetan Portugaldik iritsiko da: Feedback ikuskizuna.
Nazioarteko bisitekin jarraituz, Hang Tho Creative (Vietnam/Herbehereak) eta Small Axe (Grezia) konpainien emanaldiak izango dira urriaren 1an, Bilboko Arte Ederren Museoan.
2024ko Dantzaldiaren programazioa flamenko berriari eskainitako bi jardunaldik osatuko dute. Jose Maldonado katalanak Galería estreinatuko du Euskal Herrian, flamenkoa eta denbora errealeko sorkuntza piktorikoa uztartzen dituen proposamena, lau eszenatan garatzen dena, bakoitza lau artista ikonikoren omenez: Manuel de Falla, Federico Garcia Lorca, Salvador Dali eta Carmen Amaya. Hitzordua azaroaren 23an izango da, Guggengeim Museoan.
Azaroaren 29an, berriz, Rocio Molina dantzariak Variaciones de Lo Inefable ikuskizuna taularatuko du Barakaldo Antzokira.
Dantzaldiaren XXV. edizioaren ospakizun borobil honek ere hainbat jarduera paralelo izango ditu. Dantza-zinema egongo da, La Singla (Paloma Zapata, 2023) dokumentalaren proiekzioarekin. Gainera, Maldonadok profesionalentzako masterclass bat emango du Leioako Andoni Aresti Dantza Eskolan, eta Sharon Fridman koreografoak La Fundicion bisitatuko du abenduan, dantza inklusiboko tailer berezi bat proposatzeko.
Xehetasun guztiak dantzaldia.org webgunean daude.