Dantza garaikideko lau ikuskizunek osatzen dute egitaraua.
Iruñeko Iturramako Civivoxean DanZ jaialdiaren edizio berri bat abiatuko da gaur. Jaialdiak dantza garaikidearen hurbileko lurraldeen aldeko apustua egin du, sentsibilizazio, inklusio, bitartekaritza, erakustaldi, topaketa eta hausnarketarako espazio bat sortzeko. Lau dantza-ikuskizunek osatzen dute programa, horietako bat lehen haurtzaroari zuzendua, mugimendu- eta sorkuntza-lantegi batek eta Myriam Perez Cazabon artistarekin egingo den topaketak.
Jaialdia Marcat Dance dantza-konpainiaren (Mario Bermudez eta Catherine Coury) Afines ikuskizunarekin hasiko da gaur, urtarrilak 9, 19:30ean. Afines lanak zentzumenezko bidaia iradokitzaile bat egitera gonbidatu nahi du ikuslea, bi gorputz mugimenduaren bidezko barne solasaldi batean murgiltzen diren bitartean. Elkarlanean egindako bide luzeak inspiraturik, bi dantzariek gizakiaren dualtasuna dute aztergai, agerian utzirik loturaren edertasuna eta banakotasunaren konplexutasuna, non arriskua eta espazioaren azterketak funtsezko eginkizuna betetzen baitute ikuskizunaren narratiba emozionalean.
Astebete geroago, urtarrilaren 16an, Lucia Montes eta Mado Dalleryren txanda izango da In-side ikuskizunarekin. Elkar erakartzen duten bi gorputz dira, elkarrekin bizitzen, elkarri eragiten, bat egiten… giro etereo eta ukiezinetik giro lurtar eta kontzienteenera bidea eginez. Lorratz bat uzten doazen bi gorputz, hamaika sentsazio iradokitzen dituzten mugimenduen trazu bat; horra indarrez beteriko bi gorpuztasun, biak era magnetikoan eta sotilean loturik, haietaz jabetuko diren pertzepzioz eta aldaketaz beteriko materiazko bidean bidaide bi-biak.
Urtarrilaren 23an Noaingo La Faktoria Choreographic Center sorkuntza eta dantza garaikideko ikasketa profesionalen nazioarteko zentroko ikasleek ‘prozesuan’ dituzten lanak erakusteko eta horien garapena egiaztatzeko aukera izango dute. Formatu txikiko emanaldiak izango dira, bakarkakoak eta binakakoak, haien sorkuntzak ireki eta bertaratutako pertsonekin elkarreraginean aritzeko bidea emanez, sortze- eta adierazte-prozesuan parte har dezaten.
Aurreikusitako azken ikuskizuna haurtxoei zuzenduta egongo da, 2 eta 4 urte bitarteko haurrei, alegia. Urtarrilaren 25ean, larunbata, 10:30ean eta 12:00etan, Panicmap arte-plataformak (Laura Valero eta Joan Ballester) Closka antzeztuko du, haurtxoak eta helduak unibertsoko txoko honetan bizitzearen edertasunari eta ardurari buruzko hausnarketan murgiltzen dituen esperientzia eszenikoa. Bidaia emozional eta liluragarri baten bidez, Ka eta Clos pertsonaiek Closkaren istorioa kontatuko dute. Closka dortoka bat da, eta etxera itzultzeko bidea aurkitzeko misio arriskutsu eta ziurgabetasunez betean murgilduta dago.
Btelako jarduerak
Ikuskizunez gain, lantegiak, topaketak eta bestelako jarduerak ere izango dira jaialdian. Urtarrilaren 22an topaketa bat egingo da Myriam Perez Cazabon artistarekin haren Entzuten nauzu? obra oinarri hartuta. Ekitaldia hibridoa izango da, eta artistak dantza-erakustaldiak egingo ditu azalpen eta elkarrizketekin batera. Azalpen eta elkarrizketa horiei esker, artistaren sortze-prozesua ezagutu, haren kezkak aztertu eta haren unibertso artistikoan barneratu ahal izango gara. Bertha Bermudez izango da saioaren moderatzailea.
Jaialdiak irauten duen bitartean, mugimendua eta sorkuntza (transgenerazionala) lantzeko doako lantegi bat ere izango da; lantegia hiru saiotan banatuko da, urtarrilaren 11n, 18an eta 25ean, 11:00etatik 13:00etara, eta Laura G. Latasak, Myriam Perez Cazabonek eta Ines Aubert koreografoek saio bana eskainiko dute, hurrenez hurren. Iruditeria posibleak izenburupean, artistek komunikazio- eta ahalduntze-tresna modura zuzenduko dute koreografia, dantzara hurbildu nahi duten pertsona guztientzako, baina batez ere, beste gaitasun batzuk edo dibertsitate funtzionala dutenei begira. Lantegi horretan, gorputza espazio infinitua izango da, irudimenari irekia, eta denborak, espazioak eta mugimenduak aukerez beteko dute, gorputza adierazpen-tresna gisa ere ulertzeko.
Programaren azken jarduera gisa, urtarrilaren 25ean, larunbata, 13:00etatik 13:30era, Atalak Iruditeria posibleak lantegiaren irekiera izango da. Jarduera publikoarekin elkartzeko eta parte hartu dutenek hiru saioetan izan dituzten esperientziak erakusteko gune gisa ulertzen da, partekatzea eta gorputzetik adierazten jarraitzea helburu hartuta.