Marina Lameirok zuzendutako 'Dardara' filma

‘Dardara’, ‘Ainarak’ eta ‘Loreak belaunetan, kulturaren zazpi ahots gazte’ dokumentalak Iruñeko euskarazko kultur programazioan

Kondestable Civivoxeko ekitaldi-aretoan, 19:30ean, izango dira hiru emanaldiak, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Gaur proiektatuko dute lehena: Dardara.

Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin elkarlanean egiten duen kultur-proposamenak euskarazko hiru proiekzio barne hartuko ditu otsailean eta martxoan. Kondestable Civivoxeko ekitaldi-aretoan, 19:30ean, egingo dira hiru saioak, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Lehenengo hitzordua gaur, otsailak 14, izango da, Marina Lameiroren Dardara dokumentalarekin; ondoren, martxoaren 15ean Juan San Martin eta Ritxi Lizarzaren Ainarak proiektatuko da, eta martxoaren 28an, Amagoia Gurrutxagaren Loreak belaunetan, kulturaren zazpi ahots gazte.

Marina Lameirok zuzendutako Dardara dokumentala Berri Txarrak musika-taldearen agur-biran grabatu zen. Filmak Gorka Urbizuren letrak eta gogoetak ditu ardatz. Urte askoan taldeko abestien egilea izan zenak, orain, idazteko dagoen etorkizun baten bertigoari egin behar dio aurre. Lanak musikaren boterea eta pasioa ditu ardatz.

Urbizuk aurkeztuko du dokumentala eta bertaratutakoekin solasaldi bat izango du.

Martxoaren 15ean Juan San Martinen eta Ritxi Lizartzaren Ainarak (Enarak) dokumentalaren txanda izango da. Dokumental honek, Anne Etchegoyenen eskutik, izenburuak aipatzen dituen enara horiek nor ziren ezagutzeko bidea egiten du. XIX. mende amaierako eta XX. mendeko lehen hereneko bi Europa oso ezberdin elkartzen zituen bideak. Salazar, Erronkari, Anso eta Echo ibarretako milaka emakumek beren familiak atzean utzi eta Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten Maulera heldu arte, eta bertan espartin fabriketan lan egiten zuten diru pixka bat irabazteko. Bideari urriaren 7an ekiten zioten, Errosario egunean, eta ez ziren itzultzen udaberriko elurrak amaitu arte. Urtaroko bidaiaren ezaugarriek berek eta denak beltzez jantzita joateak Enarak/Ainarak izenez ezagunak izatea eragin zuen.

Dokumentalaren emanaldiaren ondoren, Anne Etchegoien filmaren protagonista, abeslari eta filmaren soinu-bandaren sortzaileak kontzertu labur bat eta hitzaldi bat eskainiko ditu.

Dokumentala ondarea berreskuratzeko proiektu zabalago baten parte da, Ainarak transmedia proiektua ardatz duena eta ainarak.eus webgunean bilduta dagoena. Dokumentala 2020ko urritik 2021eko ekaina bitartean filmatu zen Nafarroan, Aragoan eta Zuberoan, eta toki ikusgarriak agertzen dira, hala nola Erronkari, Anso eta Hecho ibarrak, Bortziriak, Santa Engrazia, Maule-Lextarre, Donapaleu, Burgi, Erronkari, Izaba, Urzainki, Ezkaroz, Otsagi, Jaurrieta, Luesia, Juslibol, Bidangoze, Zaragoza eta Iruñea.

Hirugarren hitzordua martxoaren 28an izango da Loreak belaunetan, kulturaren zazpi ahots gazte dokumentalarekin. Honetan, zazpi protagonista gazteen testigantzak biltzen dira. Beren ametsak, lorpenak eta frustrazioak kontatzen dituzte, eta, hala, kultur panoramari eta etorkizunean izango dituzten erronkei buruzko ikuspegia sortzen dute. Amagoia Gurrutxaga zuzendariak elkarrizketak egin dizkie honako artista hauei: Oihana Arana poeta eta bertsolariari, Amets Aranguren musikariari, Kattalin Barcena artista plastiko eta musikariari; Dom Campistron ilustratzaileari, Ekain Ibarguren aktore, pailazo eta malabaristari, Iker Maguregi zinemagile eta musikariari eta Maddi Ane Txoperena kazetari, idazle eta bertsolariari. Kondestableko proiekzioan Gurrutxaga, Aranguren eta Txoperena izango dira, dokumentala aurkeztu eta bertaratzen direnekin solasaldi bat izateko.

Zabaldu: