Datorren ekainaren 21ean hasiko da Nafarroako Kultur 2019 programa Lesakan

(Argazkia: Nafarroako Balerdi Balerdi taldeak emango dio hasiera programari)

35 musika eta dantza jarduera biltzen dituen programa irailaren 7ra arte luzatuko da Nafarroako hainbat udalerritan.

Kultur 2019 egitasmoa hilaren 21ean hasiko da Lesakan, Balerdi Balerdi taldearen kontzertuarekin. Programa irailaren 7ra arte luzatuko dela iragarri dute eta aurreko edizioetan bezala, musika nagusituko da programak biltzen dituen ekimen gehienetan: folk, jazz, blues, pop, rock… besteak beste. Batez ere Nafarroako taldeek parte hartuko dute egitasmoan, baina kanpotik etorritakoak ere izango dira.

Guztira 35 jarduera programatu dira Nafarroako hainbat udalerritan eta horien artean dantza emanaldiak ere izango dira. Horretaz gain, uztailaren 4tik abuztuaren 25era arte, Kameren aurrean dantzari, Dantza filmeko argazki sorta bat izeneko erakusketa egongo da ikusgai Bertizeko Jaurerrian. Telmo Esnal zuzendariaren Dantza filma errodatzen ari zen bitartean, Xabier Artola Zubillagak ateratako argazkiekin dago osatuta erakusketa.

Aurreko edizioetan bezala, jarduerak ostegun, ostiral eta larunbat guztietan izango dira, hainbat gunetan: kultur etxeetan, plazatan, anfiteatroetan, monastegietan, haitzuloetan…

Programazioa jasoko duten udalerriak hauek dira: Altsasu, Agoitz, Artaxona, Azagra, Bera, Corella, Donamaria, Elizondo, Lizarra, Fitero, Izaba, Leitza, Lekunberri, Lesaka, Lizaso, Lodosa, Los Arcos, Martzilla, Mendigorria, Oliva, Irantzu eta Leireko monastegiak, Otsagabia, Olazti, Orbaizeta, Orreaga, Gares, Ribaforada, Erronkari, Zangotza, Tafalla, Tutera, Uxue, Viana eta Zugarramurdi.

Zabaldu: