Deabru Beltzak Euskal Herritik kanpo ikuskizun bat sortu eta estreinatzen duen lehen euskal antzerki taldea da.
Deabru Beltzak konpainia bilbotarrak Su Talka perkusio eta piroteknia ekoizpen propioa estreinatuko du datorren ekainaren 7an, larunbata, Bretainiako Le Printemps des Abers jaialdian. Estreinaldi hau beste mugarri bat da konpainiaren ibilbidean, izan ere, 2026an 30 urteko ibilbidea ospatuko du.
Gainera, Deabru Beltzak Euskal Herritik kanpo ikuskizun bat sortu eta estreinatzen duen lehen euskal taldea izango da, eta diotenez, “euskal antzerkiaren sektorearentzat ere mugarri handia da”, Deabru Beltzak Frantziako zentro nazionaletan sormenerako egonaldiak garatzea lortu duen lehen euskal antzerki konpainia baita.
Bizkaitarren zortzigarren lana da Su Talka eta gaueko ikuskizun ibiltaria da. Honetan, sei aktore/musikarik hartuko dute parte eta, bertan, ibilaldiak, joan-etorriak, geldialdiak eta amaiera eszeniko bat batzen dira. “Dramaturgia mutua, efektu bereziak eta piroteknia uztartzen dituen ikuskizuna” dela dio taldeak.
Lan berrian talkatik eta marruskaduratik sortzen den suaren eraketa birsortzen da. Hala, “txinpartak sortzen dituzten danborren talka, transmititzen den beroa, erritmoa eta argia” dakartza ikuskizunak.
Egoitza artistikoak Euskal Herritik kanpo
Egoitza artistikoen prozesu bizi bati esker sortu da Su Talka. Konpainia Île-de-Francen egon da, Le Moulin Fondun, eta, ondoren, Bretainiako Le Fourneaun.
Nazioarteko estreinaldiaren ondoren, Su Talka Euskal Herrira iritsiko da. Estreinaldia Iurretan izango da, ekainaren 13an. Ondoren, Hernanin, Mundakan, Berrizen, Mungian, Aretxabaletan eta Guardian izango dira bizkaitarrak.
Gainera, Estatu frantsesean, Italian, Britainia Handian eta Portugalen ekitaldi garrantzitsuenetan emanaldiak eskainiko ditu uda honetarako. Oraingoz, ia 50 dira Europan Su Talka egiteko aurreikusita dauden jarduerak.