Debagoieneko Antzerki Plataformak Elgetan egingo diren sormen egonaldietarako deialdia ireki du

Egonaldia euskal antzerkigile profesional zein amateurrentzat antolatu dute.

Debagoienean euskarazko antzerki sorkuntza sustatu eta euskal sortzaileen lana ezagutzera emateko asmoz, Debagoieneko Antzerki Plataformak bere lan lerroarekin bat datorren Sormen egonaldiak antolatu ditu aurten.

DAPeko kideek azaldu dutenez, euskal antzerki sortzaile profesional zein amaterurrek eman ahal izango dute izena egonaldietan, eta aurkezten direnetatik lau proiektu aukeratuko dituzte: bi proiektu konpainia profesionalenak, bat amateurrena eta beste bat Debagoiendarrena, “konpainien gehiengoa Debagoiendarra izan beharko da, edo bere lana Debagoienean burutu beharko du”. Proiektuak euskaraz izan beharko direla ere nabarmendu dute.

Otsailaren 3ra arte egongo da izena emateko epea zabalik eta hilaren 15ean aukeratutako proiektuen zerrenda argitaratuko dute. Egonaldiak, berriz, otsailaren 22tik apirilaren 2ra izango dira.

Behatxulo programa

Proiektu guztiek Behatxulo 2023 programan parte hartu beharko dute. Programa honen helburua sormen prozesuak herriari zabaltzea da, prozesu irekien bitartez. Hala, “Debagoieneko biztanleek antzerki obren beste fase eta ikuspegi batzuk ezagutzea nahi dugu, antzerkia irisgarriagoa eta parte-hartzaileagoa eginez. Prozesu irekierek garrantzi berezia izango dute proiektuak baloratzerako orduan eta hauek ere otsailaren 2tik apirilren 2ra egin beharko dira”, azaldu dute.

Deialdian parte hartzeko informazioa eta oinarriak, hemen.

Zabaldu: