'Itzulera antzezlana. (argazkia: Dejabu konpainia)

Dejabuk ‘Itzulera’ antzezlana estreinatuko du urtarrilaren 18an, Errenterian

Taula gainean Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala, Urko Redondo eta David Aguilar aktoreak ikusiko ditugu. Zuzenean sortutako film baten moduan eszenaratuko da.

Dejabu Konpainiak Itzulera antzerki obra estreinatuko du hilaren 18an, 20:00etan, Errenteriako Lekuona Fabrikan. Lantaldeak azaldu duenez, “proiektu eszeniko berria umorez, poesiaz eta akzioz betetako antzezlana da”.

Auto-fikziozko obra honetan konpainiako kideek euren sormenaren eta identitatearen zentzua zalantzan jarriko dute. Krisi kreatiboan dauden kideak dokumental bat grabatzera joan dira Mexikora, Etxepare Euskal Institutuak emandako diru-laguntza bati esker. Ezusteko gertakari batek zeharo aldatuko du bidaiaren norabidea ordea.

Zuzenean sortutako film baten moduan eszenaratuko da lana agertokian. Bertan, Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala, Urko Redondo eta David Aguilar aktoreak ikusiko ditugu. “Komedia existentzial honetan ez dira faltako abentura, paisaia psikodelikoak eta bizia salbatuko dien txakur chihuahua bat”, nabarmendu dute taldekideek.

Road movie bat

Dejabuk gaineratu duenez, “zuzeneko road movie baten egitura izango du obrak eta etengabe jokatuko du errealitatearen eta fikzioaren artean. Eszenako aktoreez gain, zinemagile batek zuzenean irudiak sortu eta proiektatuko ditu, ikusleentzako emanaldi bakoitza esperientzia errepikaezina bihurtuz. Ipuin bat, non irudikatutakoaren eta bizitakoaren arteko mugak lausotuko diren, eta publikoa bidaia horren eta bere emaitzaren parte izatera gonbidatuko den”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna