Ekainaren 9tik 12ra bitartean egingo laugarren edizioa Pasai Antxoko kaleetan zehar. 16 dantza ekitaldik osatuko duten 10 ordutik gorako doako dantza eskaintza.
Euskal Herri osotik etorritako estilo ugariko sortzaile eta dantzariek maila eta interes handiko hamasei dantza ikuskizun aurkeztuko dituzte aurten ere Pasaiako Dantza Festibalean. Laugarren edizioa ekainaren 9tik 12ra bitartean egingo da Pasai Antxoko kaleetan zehar.
Antolatzaileen arabera, herriko elkarteen parte-hartzea lehen edizioko bidera itzultzen ari da. Hala, herri dantzak eginez gozatzeko aukera eskainiko dute Antxoko Muxikoen Elkartea eta Alkarkide txarangak, eta dantza erakustaldiak eskainiko dituzte Iker Murillo STUDIO24k eta Alkartasuna dantza taldeko txikienek ere.
Lehen eguna sortzaile berriei eskainiko zaie. Iaz abiatutako bideari jarraituz, eta Nafarroako La Faktoria Choreographic Center eta Gipuzkoako Dantzagunearekin sendotutako harremanari esker, dantzari berriei ikusgarritasuna eman eta haien lanak konpartitzeko lekua eskaini nahi zaie.
Bestalde, Max sarietan hautagai diren bi ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da. Batetik, Harrobi Dantza Bertikalak aurkeztuko duen Harria Herria ikuskizun ikusgarria eta Hika eta Oinkariren arteko elkarlanak sortutako Gazte izeneko ikuskizuna.
Gainera, Skate park-a dantza-piezak erakusteko leku magiko gisa finkatuko dela ere nabarmendu du antolakuntzak. “Aurten ibilbide luzeko Mikel Aristegi sortzaile donostiarraren Ouveo lanarekin gozatu ahal izango da espazio berezi honetan”.
Haatik konpainia, bere aldetik, lehen aldiz izango da jaialdian Ur ikuskizun berriarekin. Baionako Bilaka Kolektiboaren Basaide lanaren ondoren hain justu. Bai bat zein bestea euskal dantza tradizionalean oinarria izan duten bi konpainiek, naturan jarriko dute begirada.
Kolpez Blai, Zo-Zongo! perkusio taldearen erritmo biziek ere astinduko dute ostirala, Bamboo dance konpainiako dantza urbano eta garaikidea uztartzen dituen Idiotas lanaren aurretik.