‘Denok Gara Google’ eleberria argitaratu du Xabier Etxaniz Rojok

Xabier Etxaniz Rojok (Pasaia, 1971) bere azken eleberria aurkeztu du Erein argitaletxearen eskutik. Denok Gara Google izenburupean, liburu honetako protagonistak bila dabiltza. Horietako bat eguzki-lore baten azpian ezkutatzen den emakume baten bila dabil, adibidez; beste bat, berriz, iraganeko mamu baten peskizan ari da. Badakite zer bilatu nahi duten. Ez dakite nola. Badakite zer bilatu nahi duten, zer topatuko duten ez dakite ordea.

“Bilaketak. Bizitza osoa ematen dugu bilatzen: zoriontasuna, maitasuna, dirua, ospea, sexua, arrakasta, lana, ongizatea, egia… Denok bilatzen dugu zerbait, eta bila genbiltzan hori topatzen dugunean, bilaketa berriak egiten hasten gara. Batzuetan hobea izaten da bilatzen duzun hori ez topatzea. Bai baitago ez jakitea baino gauza latzagorik”.

Trintxerpeko idazlearen literatur ibilbidean ipuingintza da gehien jorratu duen generoa. Bost ipuin bilduma argitaratu ditu: Begiak itxi eta kitto (2000), Hamar manamenduak (2002), Nork bere ozeanoa (2006), Txatartegirako ipuinak (2010) eta Sirena-hotsak (2013). Ipuingintzaz gain, beste genero batzuk ere jorratu ditu, hala nola kronika Ekialdetik iritsi zen Enara: nazioarteko adopzio baten istorioa (2008) eta eleberria Koadro isila (2003, Donostia Opera Prima saria) eta Waterloo-n galdutakoak (2016). Hainbat urtez zutabegile aritu zen Berrian, Irutxuloko Hitzan eta Aizu aldizkarian. 1993az geroztik, AEKn dabil irakasle lanetan.

Zabaldu: