Desgaraian taldeak ‘Gauden aldian’ diskoa aurkeztuko du gaur Azpeitian

Gaztetxean izango da kontzertuan gaueko 22:00etan eta seikotearekin batera hainbat gonbidatu izango dira, tartean Idoia Azurmendi abeslaria.

Azpeitiko gaztetxea aukeratu du Desgaraian taldeak kaleratu berri duen Gauden aldian izeneko diskoaren aurkezpen kontzerturako. Jon Gurrutxaga (ahotsa), Markel de Reparaz (gitarra), Xabi Agirrezabala (gitarra), Ekain Alzola (baxua), Garikoitz Ortiz de Villalba (teklatua, akordeoia) eta Peru Iparragirre (bateria) musikariek sortu dute taldea eta bi urte eman dituzte lan berri honetako hamar kantak elkarrekin ontzen.

Pandemia garaian sortutako taldea da Desgaraian eta hortik datorkio izena, seikoteak bere sorreraren data zehatzik ez baitu, Horretaz gain, pandemia amaitu eta desgaraiak jarraitzen duela azaldu dute Erlo Telebistan egin dieten elkarrizketan, izan ere, “testuinguru global beliko bortitz bat dago, krisi klimatiko larria… nahiko motibo dira gauden aldi honi desgaraia deitzeko”, nabarmendu du Gurrutxagak

Taldearen hastapena Errime taldearen ibilbidearen amaieran dago, halaxe dio bertako kide izen zen Gurrutxagak. Abeslariak musikan jarraitzeko gogoekin jarraitu eta Iparragirre eta Ortiz de Villalba lagun zituela kantak sortzen hasi ziren, gerora gainontzeko kideak batu ziren taldera.

Abestiei dagokionez, inguruan gertatzen denaz hitz egiten dute, baina modu inplizitu batean, horretarako estilo propioa garatu dute. Musika estiloa, berriz, popa dela diote, baina nabari da taldekide bakoitza mundu desberdin batetik datorrela: klasikotik, jazzatik, rocketik… estilo guzti horiek eragina izan dute abestiak konposatzerako orduan.

Zarauzko Noisestudioan grabatu dituzte abestiak Esadazu egia, Desgaraian eta Begi argiz izan ezik. Hiru hauek Bilboko Euridian eta Gernikan grabatu dituzte.

Zabaldu: