(argazkia: Donostia Kultura)

DFeria arte eszenikoen Donostiako azoka martxoaren 14tik 17ra egingo da

26 konpainien 26 ikuskizun eta 40 emanaldi izango dira Donostiako hainbat agertokitan.

DFeria “ezinbesteko topaketa bilakatu da arte eszenikoen esparruan”, adierazi dute antolatzaileek. Bereziki, profesionalei zuzendutako jaialdia da: aurkezpenak, neurrira eginiko topaketak, bilerak, bideratzaileak eta bestelako jarduera paraleloak antolatuko dira sektoreko profesionalei zuzenduak. “2022ko edizioa berezia izango da jaialdiarentzat, une honetako uzta eszenikorik hautenaz gozatzeko aukera eskainiko digu. Eta, era berean, Euskal Herriko Arte Eszenikoen erakusleihoa bilakatuko da”, nabarmendu dute.

Aurten DFeria ezinbestean pandemiaren ondorioz egokitutako baldintzetara moldatuko da, betiere ikus-entzulegoaren eta artisten segurtasuna bermatuz, antolatutako jarduera guztietan.

Jaialdiaren XXVIII. edizioa martxoaren 14tik 17ra bitartean izango da, nahiz eta aurreko larunbat eta igandean programatutako zenbait ikuskizun bere baitan hartu. Aurtengo gaia oreka izango da, “ardatz horren inguruan garatuko da neurri handi batean 2022. edizioko ildo editoriala”.

Maria Lopezek eta Javier de Ribak osatzen duten Reskate arte kolektiboak sortu du 2022ko kartela eta orekaren gaiari erantzuten diola adierazi dute, “irudi bat da, osagai guztiak harmonian dituena. Konposizio simetrikoagatik baino, aurpegi neutroa duelako, seriotasunaren eta irribarrearen artean: emozio jakin bat adierazi nahi du aurreko oreka une horretan. Gainera, errezelak, ilunean argituriko aurpegi horren ilea balitz bezala, arte eszenikoak agertzen dizkigu”.

Hartara, galdera hauei erantzuten saiatuko dira azokan: “Zer da oreka eta zer garrantzi du? Garrantzitsua al da egonkortasuna lantzea? Zenbateraino dira erabakigarriak oreka-nahasteak?”.

26 konpainien, 26 ikuskizun eta 40 emanaldi izango dira Donostiako hainbat agertokitan. Kopuruei dagokienez, ikuskizunen %54a estreinaldiak izango dira modu batean edo bestean: bost mundu mailan eta zortzi Euskal Herrian. Diziplinei dagokienez, %42a dantza izango da, beste %54a antzerkia eta gainontzeko %4a diziplina anitzak.

Sarrerak eta abonuak bihar jarriko dira salgai, 11:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.sarrerak.eus webgunean.

Egitaraua osorik ikusteko, hemen.

Zabaldu: