Artistaren 45 olio egongo dira ikusgai azaroaren 15era arte.
Diana Iniesta artistak Zaurgarria izeneko erakusketa paratu du Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. Bere obretan New Yorkeko bizipenak irudikatu ditu eta baita Baztan bailarari buruz duen pertzepzio pertsonala ere, Erratzuko lantegitik egindako begiradarekin. Guztira 45 olio-pintura dira, eta horietan erretratuak, figurak, bodegoiak eta paisaiak jasotzen dira.
Iniestak bost sailetan irudikatu du ibilbide pertsonala, eta horien artean nabarmentzen da Beldurrari buruz: Stree Life 2020’ izenekoa. Artistak New Yorken oharkabean egin zituen argazki batzuk ditu abiapuntu azken honek, eta metroan bidaide zituenen jarrerak ikus daitezke.
Martxoan, bidaiatik bueltan, olio-pinturarekin interpretatu zituen une horietako batzuk. Bestalde, Emoziorik gabe, figuraziorik ez sailak The Art Students League-n naturaletik pintatutako erretratu eta figuren sorta bat jasotzen du, New Yorkeko Phyllis Harriman Mason Gallery-n erakusgai egon zirenak 2017tik 2020ra.
Baztango paisaia
Iniestak Baztango paisaien edertasuna ere islatu nahi izan du erakusketa honetan. Etxeari eta bihotzari buruz eta Insomnia sailen bidez, bere lurretan geratu da, pertsonen eguneroko bizitzen sinbolikotasuna iradokitzeko. Azkeneko saila, Loreei eta sagarrei buruz izenekoa, itxialdian sortu zuen Erratzuko bere lantegian, eta bertan artistak bodegoi atmosferikoak aurkezten ditu, oso abstraituak, beti naturaletik pintatuak eta eragin flamenko handikoak.
Zaurgarria erakusketa Iruñeko Ziudadelako Bolborategian egongo da ikusgai azaroaren 15era arte, asteartetik larunbatera 11:30etik 13:30era eta 18:30etik 21:00etara. Igande eta jai egunetan, berriz, 11:30etik 13:30era.