Dagoeneko erabat garatuta dagoen plataformak euskaraz esandakoa transkribatu egiten du, eta hizketa bidezko komandoak erabiliz egin daitezke aldaketak edo zuzenketak.
Haurren ahotsekin ongi dabilen euskarazko diktaketa-sistema berria garatu du Orai NLP adimen artifizialeko zentroak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatuta, Languneren aholkularitzarekin eta ‘Euroeskualdeko hiritartasuna’ deialdiko diru-laguntzari eta SPRIren diru-laguntzari esker.
Igor Leturia Oraiko hizketa-teknologien arduradunaren esanetan “sistema hau oso baliagarria izango da desgaitasun motorrak dituzten haur eta gaztetxoen ikasketa-prozesuan. Izan ere, euskarazko idazlanak egin ahal izango dituzte, tekleatu gabe, testua hizketa bidez diktatuta”. Dagoeneko erabat garatuta dagoen plataformak “euskaraz esandakoa transkribatu egiten du, eta hizketa bidezko komandoak erabiliz egin daitezke aldaketak edo zuzenketak”, azaldu du.
Ikastolen Elkartearen arabera, “hizkuntza- eta hizketa-teknologiak oso baliagarriak dira hezkuntzaren munduan ikasle guztien inklusibitatea lortzeko bidean. Ikastetxeetako egunerokoan erabiltzen diren sistema eragileek, ofimatika programek edo onlineko zerbitzu gehienek integratuta dauzkate hizketaren sorkuntzako, itzulpen automatikoko eta hizketaren ezagutza automatikoko sistemak. Baina horietako gehienak ez dira erabilgarri euskaraz, eta ez daude haurren ahotsetarako prestatuta”.
Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearen, Languneren, helburua da hain zuzen ere “hizkuntza-teknologiak bizitzako esparru guztietara zabaltzea eta teknologiaren inklusibitatea lortzea; besteak beste, kontuan hartzen dugu behar bereziak dituzten haurrek teknologia erabiltzeko zer zailtasun dituzten”, azaldu du Lohitzune Txarola Languneko zuzendariak. Hortik abiatuta, Orairekin elkarlanean ezarri ziren AskHezi proiektuaren oinarriak duela hiru urte.
Euskarazko hizketa testu bihurtzeko Oraik orain arte garatutako tresnak haurren ahotsetara egokitzeko eta eredu neuronalak entrenatzeko, Euskal Herri osoko zenbait ikastola eta eskola publikotako 479 ikasleren ahotsak grabatu dira: 70.000 grabaketatik gora egin dira.
Sistema martxan jartzea
Sustatzaileak pozik daude lortutako emaitzarekin, “oso interesgarria eta polita izan da prozesua. Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren aplikazio oso baliagarria da hau, dibertsitate funtzionala duten haurrei euskaraz ikas dezaten laguntzeko tresna bat sortu baitugu”. Baina tresna erabiltzaileengana iristeko azken urratsa falta da.
Plataforma garatuta dagoela diote, “baina ez da ordenagailuan instalatuta soilik dabilen zerbait, adierazi dute. “Hizketa-teknologietako eta adimen artifizialeko tresna hauek sare neuronaletan oinarritzen dira eta sare neuronal horiek ordenagailu ahaltsuak behar izaten dituzte”, azaldu du Oraiko ikertzaileak. “Plataforma bera hainbat haur edo gaztek erabili behar badute aldi berean, horrek azpiegitura bat eskatzen du, zerbitzariak behar dira horretarako. Eskalagarritasuna da gure erronka handiena orain”, gaineratu du.
AskHezi proiektua behar bereziak dituzten umeen gurasoek eskatuta jarri zen martxan, eta itxaropentsu daude tresna berriarekin: “Ikasketa-prozesu bat beharko dute gure seme-alabek tresna nola erabili, komandoak ikasi eta sistema probatzeko. Baina oso aukera ona zabaltzen zaigu euskarazko ikasketa-prozesuan aurrera egiteko”, dio Gabriel Martiarena proiektuaren bultzatzaileak.
Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Sortzen Elkarteak balio handia ematen diote proiektua aurrera ateratzeko izan duten lankidetzari, “Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetako sare publikoko eta ikastoletako hainbat ikastetxek bultzatuta lankidetzan aritu gara behar berezi bat daukaten haurrek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatzeko lanean”.