Hauskortasunaren eta memoriaren inguruan hausnartzeko gonbita egiten du bildumak. Ekainaren 29ra arte bisitatu ahal izango da.
Dick Rekalde artistak Eroritako Eskuliburua (Fallen Manual) erakusketa paratu du Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean. Iruindarrak ehunezko bilgarriak, eskultura organikoak eta marra finekin eginiko marrazki garbiak bildu ditu erakusketarako, eta errutina dute ardatz nagusi. “Hauskortasunaren eta memoriaren inguruan hausnartzeko gonbidapen bat da bilduma, bai eta artearen transzendentziaren inguruan ere”, azaldu du.
Eroritako Eskuliburua izenak erortzea, estropezu egitea eta nork bere burua berrasmatzea islatu nahi du. Denborak aurrera egin ahala behin eta berriz agertu diren ereduak, irudiak eta formak berreskuratu ditu artistak, atzera egitearen poderioz aurrerapausoak emateko.
Brodatuaren antzeko prozesuarekin sortu ditu marrazkiak: “marra bakunak dira, zentzua izateko moduan ordenatuak, eta itzalak sortzen dituzte. Zeramikazko lanek, berriz, lohizko olana fin bat dute oinarrian, gozogintzan bezala landua. Sormen-prozesuak materialen hauskortasuna azaleratzen du, paperarena eta zeramikarena kasurako, eta prozesuaren beraren aldeko aldarri bat da, artelanaren funtsezko osagaia baita”.
Hala, mostrak hainbat ikuspegi desberdin aztertzera bultzatzen ditu bisitariak, itxuraz airean dauden formak begitantzera, eta marra eta objektu bakoitzaren atzean zer istorio dagoen irudikatzera. Baina kontu pertsonal eta intimoak ere azaleratzen ditu aldi berean. “Dick Rekaldek modu minimalistan erabiltzen ditu koloreak, formak, tamainak eta bolumenak, eta erakusketa koherente, intimista eta oso iradokitzailea osatu du horrela”, azaldu dute antolatzaileek.