(argazkia: Dinagu)

Dinagu emakume sortzaileen kolektiboak ‘Nomadak Gaitun’ azoka antolatu du, Donostian

Hainbat alorretako 34 emakume sortzailek jarritako postuak izango dira bertan: ilustrazio, moda, bitxigintza, zeramika…

Dinagu emakume sortzaileen kolektiboak Nomadak Gaitun azoka ibiltaria antolatu du abenduaren 18an eta 19an, Egia auzoko Teila Fabrikan. Bertan, hainbat alorretako 34 emakume sortzailek jarritako postuak izango dira; “ilustrazio, moda, bitxigintza, zeramika eta beste osagarri batzuk hurbiletik ikusi eta ezagutzeko aukera izango dugu”, aurreratu du antolakuntzak. “Ekimenak proiektu pertsonalak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileei bultzada eman nahi die ahalduntzea eta elkarlana ardatz hartuz”.

Azokak Donostia du hirugarren geltokia, aurretik Azpeitin eta Gernikan ere izan zen. “Hara eta hona, han eta hemen, nomada gisa ibiltzen gara askotan sortzaileok, eta halaxe dabil Nomadak Gaitun azoka ibiltaria ere. Euskal Herriko txoko ezberdinetan bertako emakume sortzaileon azokak antolatzen ari gara, erakusleiho, sare, eta elkargune berezi bihurtuz, gure arteko konplizitatean, eta sortzaile kontsumitzaile arteko harreman goxoan oinarrituta”.

Oraingoan, baina, bi egunetako formatua izango du azokak. Larunbatean 11.00etatik 14.30era eta 16.30etik 20.30era, eta igandean 11.00etatik 18.30era. “Izena eman zuten emakume artisten zerrenda oso luzea izan genuenez, egun bakoitza sortzaile berezi eta ezberdinez betetzea erabaki dugu, eta larunbatean eta igandean lan ezberdinak ikusi eta erosteko aukera izango da. Moda, bitxigintza, ilustrazioa, zeramika, osagarrien mundua, libururen bat edo beste, loreak, egurra… Diziplina ezberdin pila bat txokotxo berean”, azaldu dute.

Zabaldu: