Maite Larburu (argazkia: Donostia Kultura)

DK Sessions, musikan oinarritutako multimedia proiektua martxan da, Donostian

Lehen saioan Maite Larburu musikari hernaniarra izan da gonbidatua. Sormen prozesuari buruzko elkarrizketa intimo batean barneratu eta estudioan Gona izeneko singlea grabatu du.

Donostia Kulturak, Elhuyarrek eta Ulu Mediak DK Sessions musikan oinarritutako multimedia proiektua abiatu dute. “DK Irratiaren inguruan sortutako egitasmo honek, audio soilaren mugak gainditzeaz gain, musikarien sormen prozesuaren inguruko gogoeta egin nahi du, kantuen atzean zer dagoen ulertzen lagunduko duen material berezia sortzeko”, azaldu dute.

Egitasmo berri honek sormen musikalaren prozesu intimoenari heldu nahi dio: “musikari bat egun batean estudiora doa single bat grabatzera eta une hori podcast narratibo, bideo eta single formatuan jasotzen du. Musikari bakoitzaren ahots propioa, esperientzia pertsonala eta abestien atzean dauden istorioak izango dira kontakizunaren ardatza”.

Proiektuak uztartzen dituen hiru euskarrietako bakoitzak formatu eta funtzio desberdinak ditu. Podcast narratiboan esaterako, “artistak lehen pertsonan kontatuko du abestiaren sormen prozesua. Zer inspirazio izan duen, zein izan diren zailtasunak edo une gogoangarriak, eta nola iritsi den azken emaitzara”.

Singlearen grabazioari dagokionez, “estudioan sortutako abestia streaming plataformetan zabalduko da (Spotify, Apple Music, etab.) eta emaitza musikal osoa entzuleen eskura egongo da”.

Azkenik Making of-aren bideoaren bidez, “grabazio saioaren irudiak jasotzen dituen ikus-entzunezko pieza argitaratuko da”.

Song Exploder, Tiny Desk, KEXP eta Bizarrap Sessions moduko proiektuak eredutzat hartuta, DK Sessions formatu berritzaileak ikusgarritasun handiagoa eman nahi dio bertako zein nazioarteko musika eszenari eta garai baten testigantza jasotzeko helburua du.

Maite Larburu: Gona abestia

Lehen saioan Maite Larburu musikari hernaniarra izan da gonbidatua. Sormen prozesuari buruzko elkarrizketa intimo batean barneratu eta estudioan Gona izeneko singlea grabatu du.

Elkarrizketan, kantua osatzen duten hitzak eta doinuak nola sortu diren kontatu du, eta une batzuetan isiltasuna ere funtsezkoa bihurtzen dela erakutsi. Soinuak, gorputzak eta emozioek hartu dute protagonismoa grabazio honetan.

Maite Larbururen podcasta, singlea eta bideoa dagoeneko eskuragarri daude Donostia Kulturaren webgunean eta aipatutako plataformatan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna