Zumeta (argazkia: Oskar Moreno)

#DKEtxean programazioa aste honetarako

Dantzaren Nazioarteko Egunak eta Jazzaren Nazioarteko Egunak Donostia Kulturaren programazio birtuala (#DKEtxean) markatuko dute aste honetan zehar.

#DKEtxean programazioaren bosgarren astean, eduki kultural berriekin itzuliko da Donostia Kultura, agenda birtual honetarako artistek eta tokiko sortzaileek propio sortutakoak

Hauxe da aste honetako egitaraua, apirilaren 27tik maiatzaren 3ra bitartekoa.

Antzokian Etxean programan, Paul San Martin, Jazzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko propio sortutako lana, DK Etxean eskaintzan sartuko da. Ondoren: Amagoia Lauzirika Amatxomix, Maren Konfikontzertu eta Sara Zozaya Etxetik etxera izango dira ostegunetik igandera, arratsaldeko 19:00etan.

Asteazkenean, hilak 29, Donostia Kulturak Dantzaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Verdini taldearen pieza berri batekin, 19:00etan hau ere, Donostia Kulturaren ohiko kanalen bitartez ikusi ahal izango da.

Egun hauetan ospatzekoa zen Giza Eskubideen Zinemaldiak bestalde, Hemen emakumeen elkartearekin batera, zazpi film laburren online proiekzio bat eta film zuzendarien eta ekoizleen topaketa paralelo bat izango ditu. Giza eskubideak ardatz dituzten film laburrak apirilaren 27tik maiatzaren 3ra bitartean ikusi ahal izango dira. Informazio gehiago hemen.

DK Etxean Koadernoak bere aldetik, Donostiako idazleen kontakizun labur argitaragabeak eskainiko ditu. Eguneroko eskaintza da, astelehenetik ostiralera, eta eguerdiko 12:00etan egiten da: Arantxa Urretabizkaia Nor zaren jakiteko testa, Anjel Lertxundi Ez nago hilda, Xabier Etxaniz Rojo Ohean, ezen ez balkoian, Oier Guillan Rutger eta Kirmen Uribe Egiantzekotasuna dira aste honetakoak.

DK Etxean Koadernoa: Euskal ilustratzaileen sorkuntza-lanak erakusteko lerroari dagokionez, gaur bertan Marcos Navarrorekin Besarkada Abrazo hasiko da. Astean zehar, Aitziber Alonso Zurekin ez nago bakarrik, Diego Besne Nire balkoitik, Sandra Garayoa Hazi ala hasi eta Iker Ayestaran Leihotik begira zain izango ditu atzetik. Ilustrazioak egunero agertzen dira, astelehenetik ostiralera, 13:00etan.

Asteartean, hilak 28, solasaldi digitala izango da eta Patricio Pron idazleak hartuko du parte bertan: Mañana tendremos otros nombres izango dute hizpide Amaia Garciak koordinatutako solasaldian.

Eta hona hemen haur txikiak dituzten Donostiako familia askorentzat itxialdian dagoeneko ohiko bihurtu den hitzordua: Ipuinaren ordua, zeinak ehunka haur biltzen baititu egunero telebista aurrean (Youtube bidez) edo sakelako zein ordenagailuen inguruan (Donostia Kulturaren Instagram edo Facebook bidez). Programa hori egunero izaten da, 16:00etan, eta familia guztiarentzako ipuin bat eskaintzen du, gehienetan euskaraz, salbu eta igandeetan, egun horretan ipuina gaztelaniaz kontatzen baita. Larunbatetan, gainera, zeinuen hizkuntzan ematen da. Aste honetan, honako hauek izango dira:: Lur Korta Maori Txiki, Iraitz Lizarraga Ez da nire errua, Lur Usabiaga Tonino, Saioa Aizpurua Pideel eta miau, Lur Korta Kaka putza, Saioa Aizpurua eta Bego González Osaba Otso eta Lur Usabiaga Lionel. Ostegunean, Haur Liburuaren eta Liburuaren egunak ospatu ditugun hilabetea amaitzeagatik, ipuin berezi bat gehitu da eskaintzari, aipatutako ipuin kontalariek hainbat ahotsez kontatua.

Gainera, Larrotxene Bideok (Larrotxene K.E.) eduki birtualak eskaintzen ditu. Asteartean, hilak 28 eta 30ean, Adobe After Effects-i buruzko online ikastaroarekin jarraituko dute, edukien inportazioa landuz. Asteazkenean, hilak 29, Transmediazinek bere bideo-magazina eskainiko du eta bertan, ARG (Alternative Reality Games edo Errealitate alternatiboko jokoak) aztertuko dira.

Maiatzaren 1ean, azkenik, Larrotxeneko zuzenekoetan, 1.33.10 film laburra eta Juanmi Cuesta idazlearekin solasaldia izango da, gaur egun Bolognan (Italia) bizi dena, 19:30ean, Twitch bidez.

Aste honetan bi #STMKuttunak izango ditu San Telmo Museoak. Lehenengoa, asteazkenean, Otsagiko dantza taldeari eskainia izango da eta erakusketa iraunkorrean dagoen Otsagabiako dantzari jantzia erakutsiko da, urtero, irailean, Nafarroako herri honetan Muskildako Ama Birjinaren omenez berritzen duten tradizioa ezagutzeko balioko du. Bigarrena, zendu berri den Jose Luis Zumeta margolariari eskainiko zaio.

Zabaldu: