(argazkia: Dani Blanco / ARGIA-CC-BY-SA)

Doinuele euskara hutsezko plazen sareak 2025eko azoken egutegia aurkeztu du

Sareak aurten kide bat gehiago duela baloratu dute, izan ere, Oiartzungo Hitzen Lihoak bere urteroko ekimenei gehitu die azoka eta horrela, Doinuele sareko kide egin da.

Urtero hainbat ekimen egiten dira Euskal Herriko herrietan, euskara hutsezko liburu eta diskoak plazara ateratzeko eta jendartean ezagutzera emateko: azokak, egitarau bereziak, jardunaldiak…

Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta elkarren arteko harremanak elikatzen dituzte Doinuele sarean. Gaur Ziburuko Baltsan elkartean egin duten prentsaurrekoan elkarrekin aurkeztu dituzte aurtengo data zehatzak: orain arteko zortzi ekimenei bederatzigarrena gehitu zaie, Oiartzungo Hitzen Lihoa.

“Azokak janzten gaitu!”, mezua zabaldu dute Doinueleko kideek kapela, zapi eta gainerako prenden artean, antzezpenetik ere izan duen prentsaurrekoan: “Jantzi, gorputza, burua, barru eta kanpo egin beharra dagoelako, arropa ez da nahikoa, janzteko. Liburuek ere janzten gaituzte”, adierazi dute.

Urtean zehar Euskal Herrian nork bere gustuen araberako kultur lanez janzteko badela aukera nabarmendu dute. 2023an zortzi ekimen elkartuta sortu zuten Doinuele sarea, eta aurten bederatzigarren bat gehitu da. Hauek dira 2025ean bisitatu ahal izango diren ekimenak, ia hilero bada bat lau lurraldetan:

Doinuele sareko 2025eko hitzorduak

Urtarrilean, (H)ilbeltza. Hilaren 20tik 26ra, nobela beltza eta gai horri buruzko hainbat ekimen berezi antolatzen dira Baztanen.

Martxoan, Geure Gelatik. 27tik 29rako asteburuan emakumeek idatzitako liburuen azoka eta ekimenak antolatzen dira Azkoitian.

Apirilean, Sormene ekimenak izaten dira Galdakaon.

Maiatzean, Literaturia. 23tik 25erako asteburuan kultur sorkuntzek hartuko dituzte Zarauzko kaleak eta azoka.

Ekainean, Ziburuko azoka. 7an, lehen larunbatean, euskara hutsezko liburu eta diskoek beteko dute herriko plaza eta liburu aurkezpenez, kontzertuez zein gainerako ekimenez gozatzeko aukera egongo da.

Irailean, (H)azoka. Hernanin 27an, larunbatarekin, euskara hutsezko liburu eta diskoen azoka aterpetuko du Atxegindegi plazak eta liburu aurkezpenak, kontzertuak eta hainbat ekimen izango dira bertan.

Urrian, Ikusi Mikusi izango da Saran. Haur eta gazte literaturan murgiltzeko aukera 11n eta 12an, eta haur zein gazteei zuzendutako hainbat emanaldi ere bai.

Azaroan, Hitzen Lihoa. Hilaren 12tik 16ra, liburu azoka eta gai bat ardatz hartuta horren bueltako kultur ekimen bereziak antolatuko dira Oiartzunen.

Abenduan, Lazkaoko azoka. 12tik 14ra Olentzeroren zakua euskarazko liburu zein diskoz betetzeko aukera egongo da, beste hainbat kultur ekitaldirekin batera.

Elkartuta indartsuagoak

Doinuele sareko kideek adierazi dutenez, “sarean partekatzen dira herri bakoitzak dituen zailtasunak eta egiteko moduak eta besteengandik ikasteko aukera ematen da. Horrez gain, nazio mailako sare bat osatzeak ematen digu bakoitza ez bere txokoan bakartuta sentitzea”, nabarmendu dute. Sare honi esker bi herriren arteko elkarlana gauzatu dela jakinarazi dute, “Ikusi Mikusiko kide batzuk lan egin dugu Ziburuko Azokan eta trukean berdin. Aurrera begira beste herri gehiagoren artean sortu daitezke horrelako elkarlanak”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna