(argazkia: Zinegoak)

Dom Campistronek egin du Zinegoak jaialdiko kartela eta edizio honetako queer indarra islatzen duten bi pertsona ditu protagonista

Aurten ere film luzeak, film laburren zikloak, antzezlanak, topaketa profesionalak edota nazioarteko zinemagileen bisita izango dira Bilboko jaialdian.

Ekainaren 24tik uztailaren 1era egingo da aurtengo LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia Bilbon, eta, gaur, aurtengo edizioko kartel nagusia aurkeztu dute. “Indar bisual handiko ilustrazioa” dela dio antolakuntzak, “markatutako trazuaren eta kolore-blokeen bidez, jaialdiak 2024ko edizio honetan aldarrikatzen duen queer utopiaren ideia gorpuzten duten bi pertsona erakusten dizkigu”.

Dom Campistron (Aldude, 1994) artista arduratu da izpiritu hori ilustrazio honen bidez islatzeaz. Alduden bertan duen estudiotik, egileak bere lan eta ikerketa egiten du kontatzen dizkioten edo irudikatzen zaizkion istorioak islatzeko. LGTBIQ+ kolektiboaren parte izateak dakartzan konplexutasunak zuzenean ezagutzen ditu, Bekatorosak bere lanean jasotzen duen bezala, eta artistak bizipen horiek guztiak bere sormenaren zerbitzura jartzen ditu, irudimen bisual bizia, eta oso indartsua sortzeko.

Artistak kartela egiteko orduan izan zuen inspirazioa zinema-areto batean sortu zen, berak aipatzen duen bezala, “lerroa egiten duzu zinemara sartzeko. Gaua emeki-emeki sartzen ari da eta aitzinekoak itzuli dira zuri begiratzeko. Eta zein ederrak atxemaiten dituzun aitzineko horiek. Berdin, nahiko zinuke haiek bezala izan: aske”.

Energia hori da jaialdiaren edizio berri honek ekainean aurkeztuko duen jardueren programazioan transmititu nahi duena.

“Norberak bere burua eraikitzeko eta adierazteko askatasunaren ideian sakontzen jarraitu nahi genuen, eta berezitasun hori oinarria izan zedila askotariko pertsonez betetako gizarte berri bat eraikitzeko, munduan egoteko modu berriak asmatzeko antolatzen, biltzen eta sareak ehuntzen baitira”, adierazi du Alaitz Arenzana zuzendariak.

Bilboko hainbat areto eta espaziotan izango da Zinegoak, hala nola Bilborocken, Alondegiako Golem zinema aretoetan eta BilboArten.

Ekainaren 24an, astelehena, irekiera ekitaldia egingo da Arriaga Antzokian, baina aurreko asteburuan hainbat jarduera osagarri egingo dira 3, 2, 1… Zinegoak! atalean. Aurten ere film luzeak, film laburren zikloak, antzezlanak, topaketa profesionalak edota nazioarteko zinemagileen bisita izango dira jaialdian.

Zabaldu: