Donostia Hiriko Kutxa literatura-lehiaketaren 55. edizioko sariak banatu dituzte

Maialen Diaz eta Mikel Ayllon, euskarazko modalitateetan, eta Markel Hernandez eta Ruben Abella, gaztelaniazkoetan izan dira irabazleak. Denetara 638 lan aurkeztu dira aurtengo edizioan.

Larunbat honetan ospatu da Maitena Salinasek aurkeztu duen Donostia Hiriko Kutxa Literatura lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean. Antolatzaileen jakinarazi dutenez, guztira 683 lan izan dira 55. edizio honetara aurkeztu direnak, horietatik 656 gaztelaniazko kontakizun eta antzerki modalitateetan eta beste 27, berriz, euskarazko kontakizun eta antzerki modalitateetan. 2018ko edizioarekin alderatuta, % 34 igo da lehiaketara aurkeztutako lanen kopurua, aurreko edizioan baino 173 gehiago.

Pasa den otsailean egin zuten kontakizun-liburu eta antzerki modalitateetarako deialdia, euskaraz eta gaztelaniaz. Epaimahaiek, berriz, irailean eman zituzten ezagutzera irabazleen izenak: Euskarazko antzerki alorrean Maialen Diazek irabazi du saria Herri hura lanarekin. Gaztelaniazkoan, berriz, Markel Hernandezek Vivir de alquiler lanarekin.  Kontakizun-liburuari dagokionez, euskaraz Mikel Ayllon-en Zoriontsuak izatea aukeratu genuen lanak jaso du saria, eta gaztelaniaz Ruben Abellaren Quince llamadas perdidas lanak.

Antzerki alorreko irabazleek garaikurra eta 15.000 euro jaso dituzte, eta kontakizun-liburu alorreko sarituek garaikurra eta 10.000 euro. Sari hauetaz gain, irabazleen lanak liburu banatan bilduko dituzte.

Zabaldu: