Donostia Kultura ON: maiatzaren 11tik 17ra bitarteko edukiak

Gaurtik aurrera, Donostia Kulturak edukiak online eskaintzen jarraituko du Donostia Kultura ON! lan-ildopean. “Osasun-deseskalatze eta herritarrak pixkana kalera irteteko prozesuaren barruan, DKEtxean egitasmoak zentzua galtzen du konfinamendurako sortutako online programa gisa. Horrek ez du esan nahi Donostia Kulturak eduki birtualak sortzeari utziko dionik. Aitzitik, egitarau erregularrik gabe, online eskaintza zabala izango du, pixkana aurrez aurre eskaintzen diren ekitaldi eta ikuskizunekin batera”.

Hauxe da aste honetako egitaraua, maiatzaren 11tik 17ra bitartekoa.

Hala, Ipuinaren Ordua egunero izango dugu, arratsaldeko 16:00etan. Hauek dira gure ipuin kontalariak aste honetarako: Lur Korta Periko Untxia, Saioa Aizpurua Patxi Errementeria, Amaia Puin Ilargia lapur, Iraitz Lizarraga Ximunen baratzea, Kattalin Ansorena Ttip eta Ttup, Lur Korta eta Bego Gonzalez Ilargiaren soinekoa, euskaraz eta zeinu hizkuntzaz eta Lur Usabiaga Boogie Bear.

Koadernoa izeneko programaren baitan, idazleen zatia amaitu da, baina oraindik badaude euskal ilustratzaileen sorkuntzak. Konfinamenduan sortutako lan originalak dira eta egunero argitaratzen dira, astelehenetik ostiralera, 13:00etatik aurrera, Donostia Kulturaren webgunean eta ohiko sare sozialetan. Maiatzaren 19ra arte, hona hemen egileak eta partekatuko diren lanen tituluak: Judas Arrieta Akatsak, Yolanda Mosquera Aberastu zure barnea, Mikel Valverde Mundua lau paretaren artean, Ainara Azpiazu Axpi Udaberria etxealdian, Iraia Okina Etxean, Jokin Mitxelena Xomorroei kariñoa eta Sisters in the City Konfitatuak.

Bestalde, bi solasaldi digital izango dira. Gaur, astelehena, 19:45ean, Slawka Grabowskak Donostia Book Club ingelesez dinamizatuko du Chiua Achebe idazlearen Things Fall Apart liburua hizpide izango duelarik. Bihar, maiatzak 12, iluntzeko 19:30ean, euskarazko solasaldien ziklo barruan, Iñigo Aranbarrik Miñan liburuari buruzko solasa gidatua izango da. Lan honetan Amets Arzallusek bere luma Ibrahima Balderen kontakizunaren zerbitzura jarri du.

San Telmo Museoan, #STMKuttunak ekimenak atal berri bat osatuko du aste honetan, Berriro igo nauzu bideoarekin. European Dialogues zikloaren barruan, bigarren saioa izango dugu, ostegunean, hilak 14, 18:00etan Zientziaren Europa izenburupean, mahai inguru bat izango da Cristina Garmendia, Mikel Mancisidor eta Juanjo Alvarez hizlariekin. Azkenik, ostiralean, hilak 15, 18:00etan heriotzaz hitz egiteko topaketa izango da.

Guzti honetaz gain, Larrotxene Bideok eduki birtualak eskaintzen jarraituko du. Hilaren 12an eta 14an Adobe After Effects-i buruzko online ikastaroak segida izango du. Asteazkenean, hilak 13, Transmediazinek hamabostean behin prestatzen duen bideo-magazina eskainiko du. Amaitzeko, hilaren 15ean, Larroetxean Zuzenean izango dugu Twitch plataforman.

Ispilu Beltza DK Irratiaren goizeko irratsaioak ahotsa ematen die Donostia Kulturako eta, oro har, Donostiako kultur paisaiako aktore eta lurrazaleko jarduerei. Oier Aranzabalek gidatuta, astelehenetik ostiralera entzun daiteke, 8:00etatik 10:00etara, 107.4 FM frekuentzian.

Zabaldu: