Donostia Kulturak eduki digital berriak bultzatuko ditu ‘DKEtxean’ agendatik

Helburua hemengo sortzaileen aldeko apustuan sakontzea da, eta horrekin batera herritarrek kultur ekoizpen biziez gozatzen jarrai dezaten laguntzea.

Lehendik iragarritako online zerbitzu eta edukiez gainera, Donostia Kulturak bere eduki digitalak sortuko ditu orain ikuskizunen, literaturaren eta ilustrazioaren arloan, eta klik batean eskainiko dizkie herritarrei berrogeialdiak iraun bitartean.

Literatur eskaintza joan den astelehenean hasi zen, martxoaren 30ean, ipuin-kontalari batek jardun baitzuen Ipuinaren orduan. Programa hori egunero izaten da, 16:00etan, eta familia guztiarentzako ipuin bat eskaintzen da, gehienetan euskaraz, salbu eta igandeetan, egun horretan ipuina gaztelaniaz kontatuko baita. Larunbatetan, gainera, zeinuen hizkuntzan emango da. Ipuinaren ordu birtual horretarako, honako kontalari hauek izango dira: Lur Usabiaga, Izaskun Mujika, Saioa Aizpurua, Kattalin Ansorena, Amaia Puin, Iraitz Lizarraga eta Lur Korta, zeina koordinazioaz ere arduratuko baita.

San Telmo Museoko piezarik nabarmenenak beren erakusleiho eta hormetatik irtengo dira, eta interesa duten etxeetara joango dira. Horretarako, museoak erakusketa iraunkorreko XX lanik behinenak hautatu ditu, eta ikus-entzule birtualen aurrean emango dira azalpenak, xehetasun handienez. Gaur bertan ekin zaio jarduera horri, Argizaiola piezarekin, hain zuzen ere. “Astero, gure bildumako pieza bat aztertuko dugu, azalpenak, material gehigarria eta adituen iruzkinak emanez”. Asteko pieza San Telmoko webgunean izango da, asteazkenetan, 10:00etan eta, hortik aurrera, beste edozein unetan ere ikusi ahal izango da.

Bestalde, bihar, Antzokian Etxean programa estreinatuko da, zeinak agenda berri bat irekiko baitu ostegunetik igandera bitarte “gune eszenikoetan jende gehien izaten den egunetan”, alegia, arratsaldeko 19:00etan. Hemengo artista eta sortzaileek beren ikuskizun edota sorkari berri orain arte erakutsi gabeen zatitxoak eskainiko dituzte formatu honetan. Kontzertuak, bakarrizketak, koreografiak… izango dira, 5 eta 15 minutu artekoak, eta primizia gisa gozatu ahal izango dira Donostia Kulturako kanaletatik. Lehen asterako (bihartik igandera, hots, apirilaren 5era), Tessa Andonegi, Aizpea Goenaga, Iker Lauroba eta Sergio Nguemaren emanaldiak izango dira.

Hurrengo astean berriz, idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako propio sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da, astelehenetik ostiralera, Donostia Kulturaren webgunetik eta sare sozialetatik. Zenbait idazle ezagunek, hala nola  Juan Kruz Igerabide, Luisa Etxenike, Bernardo Atxaga, Mila Beldarrain, Julia Otxoa, Jabier Etxaniz, Aritz Gorrotxategi, Oier Guillan eta Ana Malagonek DKEtxean Kuadernoa programaren lehen egunotan parte hartuko dute.

Gainera, Larrotxene Bideok ikus-entzunezko zenbait formatu emango ditu bere Youtube kanaletik eta beste plataforma batzuetatik, bideozaleen parte hartzea eta sormena sustatzeko. Zenbait bideotutorial argitaratu eta zuzeneko saioak antolatuko dira astero, ikasleen galderei erantzun eta zalantzak argitzeko. Horrez gainera, narrazio digitaleko formatu berriekin zerikusia duten gaiei buruzko mikro-magazin bat sortuko da, eta Larrotxene Bideotik sustaturiko film labur batzuk emango dira zuzenean. Emisio horiek gai jakin baten inguruan izango dira, eta ikus-entzuleek beren iruzkinak egin ahal izango dituzte idatziz, zuzenean.

#DKEtxean programa honekin, Donostia Kulturak beste pauso bat eman nahi izan du kultur arloko online eskaintzari dagokionez, etxealdi honetarako espresuki sortutako arte-ekoizpena eskainiz. “Helburua hemengo sortzaileen aldeko apustuan sakontzea da, eta horrekin batera herritarrek kultur ekoizpen biziez gozatzen jarrai dezaten laguntzea. Azken buruan, gure kultur inguruak ekinean jarrai dezala”.

Zabaldu: