Martxoaren 23tik 26ra, ekoiztu berri diren film dokumentalak proiektatuko dira Bilboko Golem, Gasteizko Florida eta Donostiako Antzoki Zaharra zine-aretoetan.
Donostiak, Bilbok eta Gasteizek KlimaFest zinemaldiaren lehen edizioa antolatu dute martxoaren 23tik 26ra. Programazioak duela gutxi ekoitzitako lau film dokumental biltzen ditu. Pieza guzti hauek klimaren egoera larriaren hainbat alderditan jartzen dute arreta, herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko asmoarekin. Saio guztietarako sarrera doakoa izango da gonbidapenarekin, gaurtik aurrera eskuratu aha izango dira hiru zinema aretoetan.
Jaialdia hilaren 23an irekiko da, 20:00etan, Bilboko Alondegiko auditoriumean, Nova Ami eta Velcrow Ripper zinegile kanadarren Metamorphosis (2018) film estatubatuarraren proiekzioarekin. Mundu osoko jaialdi espezializatuetatik igaro den dokumentalak, desagertzeko bidean dagoen natura ikusgarriaren eta zoragarriaren edertasunarengatik zirraragarriak diren irudiak eskaintzen ditu.
Martxoaren 24an Donostiako Antzoki Zaharrera egingo du saltoa jaialdiak eta areto honetan ere Metamorphosis filma proiektatuko dute.
Santuario (2019) dokumentala bere aldetik, Bilboko Alondegian (Golem) hilaren 25ean eta Gasteizko Florida zinema aretoan hilaren 26an ikusi ahal izango da, Alvaro Longoria zinemagilearen azken lana da honakoa. Protagonistak eta ekoizleak Carlos eta Javier Bardem anaiak dira, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren azken edizioan aurkeztu zuten. Santuario planetako azken eremu birjina babestera bideratutako kanpaina mediatiko, zientifiko eta politiko baten istorioa kontatzen du.
Bilboko ikus-entzuleek 16 amaneceres (2018) lan frantsesa ere ikusi ahal izango dute. Espaziora hegan egitea, hori da Thomas Pesquet astronauta frantsesak errealitate bihurtu zuen ametsa, Kazakhstanen dagoen Baikonur kosmodromotik aireratu zenean. Lurretik 450 kilometroko altueran dagoen Espazioko Nazioarteko Estazioan, Pesquetek sei hilabete eman zituen 50 eta 51 izeneko espedizioetako kide gisa.
Azkenik, hilaren 26an, Jennifer Baichwalen, Edward Burtynskyren eta Nicholas de Pencieren Anthropocene: The Human Epoch, (2018) dokumentala proiektatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean. Filmak nazioarteko zientzialari talde baten (Anthropocene Working Group) ikerketa lanaren jarraipena egiten du.