Donostiako 7+5 Zinemaldi Alternatiboa gaur abiatuko da

Urtero bezala, hainbat gizarte gai eta gatazkari buruzko dokumental zein film zerrenda osatu dute. Covid-19aren ondorioz, formatua egokitu behar izan dute eta emanaldiak online izango dira.

Hamabigarren edizioa du aurten, gaur abiatuko den Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Oraingoan, baina, Covid-19aren ondorioz, formatua egokitu behar izan dute eta emanaldiak online izango dira. “Osasun krisiaren aurrean, arduraz jokatzea erabaki dugu. Hori dela, aurten formatu berezi batekin aurkeztuko dugu egitaraua. Urtero bezala, gizarte gai eta gatazka ezberdinei buruzko dokumental eta pelikula zerrenda bat osatu dugu. Hauek zaharrak edo berriak izan, guztiak gaurkotasun handikoak dira, eta zer pentsatua ematen dutenak”. Izan ere, jaialdiaren helburuetako bat bizi ditugun egoeren aurrean gogoeta kritikoa eragitea da.

2006ean izan zuen ekimenak bere lehenengo edizioa. “Parte Zaharreko Gazte Asanbladarekin batera lehen edizioa antolatu genuenetik, erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu izateko helburua izan du jaialdiak, zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartuz”. Lehen edizio horren ostean Zinemaldi Alternatiboa antolatu gabe geratu zen hiru urtez, 2010ean Groseko Kortxoenea gaztetxean berreskuratu zuten arte. Geroztik, urtero antolatu izan dute, eta proiekzioak egiteko hiriko gune eta proiektu autogestionatuak lehenetsi dituzte. “Bost urtez jaso gintuen Kortxoeneak, eraitsi zuten arte, eta gaztetxeari omenaldia egiten dio geroztik antolatu ditugun edizioetan egokitu dugun +5 aipuak”.

Aurtengo edizioa Txantxarreka gaztetxea eta Argiarekin elkarlanean antolatu dutela azpimarratu dute.

Egitaraua:

  • Irailaren 18an: Hondarrak; erlojupeko desjabetze baten kronika.
  • Irailaren 19an: Barrura begiratzeko leihoak.
  • Irailaren 20an: Shockaren doktrina.
  • Irailaren 21ean: Lucio.
  • Irailaren 22an: 120 ordu – Euskal Herriaren aurkako tortura.
  • Irailaren 23an: Ni basatia naiz.
  • Irailaren 24an: Gasteizko Gaztetxea, probatu ez duenak ez daki zer den hau!
  • Irailaren 25an: Gerra Hemen hasten da.
  • Irailaren 26an: Iñigo Muguruza: Paradisu zineman ikusiko gara. Moskuko musikariaren ibilbideaz eta zinemaz solasaldia Fermin anaiarekin. Egunean bertan zabalduko dute.

Egitarauari buruzko informazioa, hemen.

Zabaldu: