Akerbeltz, Bele, Bulego, Belako, Tremenda Jauria, Sara Socas, Los Zopilotes Txirriaos, Nakar, Rukula, Andoni Oilokiegi, Eraul eta La Jodedera taldeak igoko dira Oholtzara. Mugimendu honen ikur bilakatu den abordatzea abuztuaren 12an izango da.
Jalgi belak mastara, eta euskara plazara! lelopean, Donostiako Piratek zortzi eguneko egitaraua aurkeztu dute gaur, abuztuaren 10etik 17ra izango den Aste Nagusiari begira. “Gure leloaren bidez, argi utzi nahi dugu gurea euskararen plaza dela. Festa euskalduna eta euskaltzalea egingo dugula beste urte batez eta, edozein oldarraldiren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat egingo dugula”, adierazi dute.
Egitarauari begira, egunean zehar askotariko ekintzak izango direla azaldu dute, “Flamenkan zein Donostiako beste zenbait txokotan bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, playback lehiaketa, bizifesta, azoka edota herri bazkariak izango dira”.
Mugimendu honen ikur bilakatu den abordatzea ere nabarmendu dute aurkezpenean. Hilaren 12an izango da, “baltsak uretara bota eta edozer dugula posible aldarrikatuko dugu”. Abuztuaren hasieran zabalduko dute parte-hartzeko izen-ematea.
Haurrek ere izango dute aukera “partxea jantzi eta pirata sentitzeko”, hainbat egunetan haiei bereziki eskainitako ekintzak izango baitituzte: ur-jolasak, hockey tailerra eta abordatze txikia, besteak beste.
Bestalde, Flamenka eta Trinitate Plazako guneetako gauak girotuko dituen musika eskaintza orotarikoa ere azpimarratu dute. “Urtero egin ohi dugun bezala, tokiko musikariei lehentasuna emanez, programazio anitza, euskalduna eta feminista osatu dugu: Flamenka osoa dantzan ipiniko duen Akerbeltz erromeria; Bele, Hofe x 4:40, Bulego eta Belako taldeen ahots gazteak; Tremenda Jauria, Sara Socas, edota Albina Stardust eta Divina Comediaren eszenaratze apurtzaileak; La Fulana, Dj Pezon eta Dj Azkuraren emanaldiak; Los Zopilotes Txirriaos zein Juantxo Skalari eta Rude Bandaren melodia aski ezagunak; edota Nakar, Burutik eta Pelax taldeen doinu gogorragoak”.
Trinitate Plazak iluntzeetan eskaini ohi duen kultur proposamenak osatuko du zerrenda, “eskaintza txikiagoen zale diren piraton gotorleku bilakatzeko xedez”. Besteak beste, Rukula, Rüdiger eta Vincent Bestaven, Andoni Oilokiegi, Eraul eta La Jodedera taldeak igaroko dira bertatik.
Kaleko Afari Solidarioak
2024an ere, herritik eta herriarentzat ari diren horien lana ekarri nahi izan dute lehen lerrora Piratek: “Kaleko Afari Solidarioak banatzen dituen donostiar taldearena. Gure hirian baliabiderik ez duten pertsonei afariak prestatzeko eta banatzeko elkarturiko boluntario taldea da honakoa, eta zailtasunak zailtasun, instituzioen arduragabekeriaren aurrean, berrehunetik gora otordu banatzen dituzte egunero, hiriko hiru puntu desberdinetan. Gurean bezala, eraldaketa baten aldeko borrokak, herritarraren premiak erdigunean jartzeko nahiak eta, noski, auzolanak egiten dute posible haien jarduna. Doakiela, beraz, gure aitortza publiko eta zintzoa”.
Elkar zaintza eta feminismoa
Aurten ere Piraten Lantalde Feminista martxan da, eta aurreko urteetan hartutako lanildoetan sakontzen jarraitzeko lanean ari dira. “Piratok garbi daukagu erasorik gabeko festa eta hiria nahi ditugula jaietan ere, eta horiei erantzuteko prest gaude. Bide horretan, kaigunean erasoak salatzeko puntu morea jarriko dugu eta, bertan salaketa egiteaz gain, beharko lukeenari, Bulebarreko artatze gunera akonpainamendua egingo zaio”. Izan ere, “kontziente gara artatzeak pertsona profesionalek egin behar dituztela eta horregatik, Udalak, Bulebarrean, Emagin elkarteak kudeatutako artatze gunea jarriko du behar duenari lehen arreta emateko”. Aurten, gune horren ordutegia mantentzea lortu da. Zehazki, egunean 21 orduz egongo da zabalik, eguerdiko 13etatik goizeko 10ak arte. Hala ere, Donostiako Piraten lantalde feministatik garbi ikusten dute “ez dela nahikoa hiri guztiko erasoak puntu bakar batean artatzearekin, eta hirian zehar puntu gehiago jartzeko eskaeran berresten gara”.
Abuztuaren 13an, asteartea, Piraten egitarauaren bidez, jai gunea hartzearen apustua egin dute, “ertzetan kokatzen garen disidenteok jaiaz goza dezagun”. Horren erakusle izango dira, besteak beste, kalejira aldarrikatzaile transfeminista eta gaueko eskaintza.
Azkenik, aurreikuspenak egitea zaila dela aitortu dute, “zoritxarrez, erasoak egongo direla espero dugu. Horregatik, abuztuaren 17an, arratsaldeko 20:00etan, Flamenkan, horiek salatzeko egingo duten elkarretaratzean parte-hartzeko deia egin dute.