(argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Donostiako Euskal Itsas Museoak ‘Moilak. Tradizioz Berritzaileak’ erakusketa aurkeztu du

Erakusketak azken mendeetan euskal portuek Euskal Herriaren bilakaera historikoan izan duten eginkizun garrantzitsua ezagutzera ematen du eta Museoaren funtsetako ehundaka piezez osaturik dago,

Donostiako Euskal Itsas Museoak antolatutako Moilak. Tradizioz Berritzaileak erakusketa  Museoaren funtsetan oinarritzen da eta hainbat objektuk euskal portuen bilakaera eta garapena erakusten dute. Portuetako eguneroko bizitzan parte hartu duten piezak daude ikusgai, hala nola arrantza-aparailuak, makinak, dokumentuak, etab., eta baita portuen bilakaera nabarmenaren lekuko diren maketak, grabatuak, eskulturak, pieza arkeologikoak, filmak eta argazkiak ere.

Erakusketak azken bi mendeetan euskal portuek izan duten eginkizun garrantzitsua biltzen du: batetik, etengabeko berrikuntza ekonomiko, sozial eta teknologikorako guneak izan dira; eta, bestetik, Euskal Herriaren bilakaera historikoan eragin zuzena izan dute.

Museoko zuzendari Xabier Alberdik portuek historian zehar izan duten garrantzia azpimarratu du: “moilak izan dira azken bi mendeetan zehar garatu diren eta gaur eguneko mundua sorrarazi duten prozesu historiko nagusienetako zenbaiten kokagunea”.

Ikusgai dauden piezen artean nabarmentzekoak dira: San Juan ontziaren lehen modelo arkeologikoa, Getariako badian berreskuratutako kontrabandoko zilarrezko lingotea, 1813ko The Storming of San Sebastian grabatua, Yeregui gasolinazko motorraren estatuko lehen prototipoa, eta San Ignacio de Loyola, Estatu espainiarreko lehen petroleroaren olioa; besteak beste. Museoko funtsaz gain, beste erakundeetako piezak ere jaso dituzte.

Erakusketa bi zatitan banatzen da. Beheko solairuan gai nagusiak azaltzen dira hashtag-en bidez: #moila, #itsasoa, #berrikuntza eta #tradiziozberritzailea. Lehen solairua, berriz, ehundaka urteko herentzia, gatazkak, ekoizpena eta itsas zerbitzuak bezalako gai zehatzagoetan murgiltzen da.

Beste behin ere, erakusketa honen bidez Euskal Itsas Museoak itsas ondarea, batetik, eta haren bilduma zabala, bestetik, balioan jarri nahi ditu. Euskal portuen eragin soziala eta haien berrikuntzak azpimarratuz.

Egitaraua

Donostiako Museoak erakusketari lotutako jarduera programa zabala antolatutako du: topaketak, bisita gidatuak eta hainbat formatutako ekitaldiak. Erakusketa zabalik dago jada eta jarduerak martxoan hasiko dira. Aldez aurretik izena ematea gomendatu dute antolatzaileek, komunikazioa@itsasmuseoa.eus helbidera idatziz edo 943 43 00 51 telefonora deituz. Programatutako ekintzen artean honakoak nabarmentzen dira: Erakusketara bisita gidatuak, Ontziratu Zaitez topaketak, Moiletako Bazterretan Zehar bisita gidatu dinamizatua, Moilaz Moila euskal portuen bilakaera zuzenean ikusteko bisitak Mutrikun eta Getarian eta Gordailua Itsastarra bisita tematikoak.

Familiek erakusketaz gozatzeko aukera ugari izango dituzte. Alde batetik, Baga Boga familia- tailerra eskainiko da hilero. Bertan, portuetako ogibide zaharrak zentzumenen  bidez berreskuratuko dira. Bestetik, larunbatetan Moiletako Bazterretan Zehar bisita dinamizatu eta tematikoak antolatuko dira familientzat. Erakusketa era dinamiko eta dibertigarriago batean ezagutzeko bisitak dira etxeko txikienentzat.

Honez gain, familiek erakusketa modu librean bisitatu ahal izango dute, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako egindako esku-orriaren bitartez. Bertan, erakusketa jolasaren bitartez bisitatu ahalko da. Esku-orria helduentzat, zein haurrentzat eginda dago eta doan eskuratu ahal izango da Museoko sarreran.

Moilak. Tradizioz Berritzaileak 2024ko urtarrilaren 26ra arte egongo da bisitagai. Jardueren inguruko informazio guztia Museoaren webgunearen eta sare sozialen bitartez ezagutu ahalko dira.

Zabaldu: