Memoria historikoa eta babes-eskubidea izango dira, besteak beste, film eta solasaldietan jorratuko diren gaietako batzuk. Erakusketak ere antolatu dira hiriko zenbait lekutan.
Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarrak zuzendutako The Man Who Sold His Skin (2020) filmak emango dio hasiera datorren apirilaren 1ean, Donostiako Giza Eskubideen 19. Zinemaldiari. Victoria Eugenia Antzokian.
Robert Guediguian marseillarrak zuzendutako Mali Twist (2021) filmak, berriz, amaiera emango dio zinemaldiari apirilaren 8an. Victoria Eugenian bertan egingo den amaiera ekitaldian aurtengo sari berezia jasoko du EFA Abidin Kaid Saleh – Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, filmen proiekzio gehienak Victoria Eugenia Antzokian izango dira aurten. Antzoki Zaharrean, berriz, bi emanaldi izango dira, Tabakaleran bi pelikula eta baita ohiko kolaborazioa ere Kresala Zineklubarekin (Trueba zinema-aretoan). Aurten, 24 herrialdetako 40 film (24 film luze eta 16 labur) proiektatuko dira guztira.
Bestalde, hiru film eskainiko dira hiriko ikastetxeetako ikasleentzat. Aurten, bi pelikula, Zutik! eta Tximinoen izarra, ikusi ahal izango dituzte online ikastetxean bertan; hirugarrena, Maixabel, Victoria Eugenian proiektatuko da.
Gainera, sei erakusketa antolatu dira zinemaldiaren programazioan. Apirilaren 2an, Victoria Eugenia Antzokian, Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen 4. Azoka egingo da, aurten Bizikidetzaren aldeko memoria lantzeko baliabide pedagogikoak oinarritua. Bestetik, giza eskubideei buruzko Begira TÚ online jokoaren bigarren edizioa egingo da; EAEko GGKEn Koordinakundeak antolatua da eta proban jartzen du parte-hartzaileek arlo honetan duten ezagutza. Programazio hau solasaldiekin osatuko da eta haietan parte hartuko dute filmen protagonistek, zinemagileek eta hizpide diren gai sozialetan adituak direnek.
Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea da zinemaldi honen helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua.
Sarrerak gaurtik aurrera, daude salgai, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, eta Internet bidez. Doako emanaldietarako gonbidapenak egun berean, apirilak 25, jarriko dira publikoaren eskura bi antzokietako leihatiletan.
Egitaraua, hemen.