Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ ‘filma

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 20. edizioa apirilaren 21etik 28ra bitartean izango da

Justizia unibertsala, abortatzeko eskubidea eta etxegabetasuna izango dira, besteak beste, filmen eta solasaldien gaietako batzuk. Apirilaren 21etik 28ra egingo da aurtengo edizioa.

Estibaliz Urresolak zuzendutako 20.000 erle espezie (2023) filmak emango dio hasiera apirilaren 21ean Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiari, Victoria Eugenia Antzokian. Gainera,  hasiera ekitaldian Carmen Castillo zinemagile eta idazle txiletarrak jasoko du aurtengo sari berezia.

Zinemaldia hilaren 28ra arte luzatuko da eta Toi non plus tu n’as rien vu (2022) film frantsesaren proiekzioarekin emango diote amaiera aurtengo edizioari. Amaiera ekitaldian, gainera, film luzeen eta laburren sariak banatuko dira Victoria Eugenia Antzokian.

Aurtengo filmen proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira; Antzoki Zaharrean, berriz, bi emanaldi eskainiko dira. Bestetik, Tabakaleran hiru film proiektatuko dira, Zinema eta memoria zikloa osatzen dutenak. Aurten, 32 herrialdetako 40 pelikula (27 film luze eta 13 film labur) programatu dira guztira.

Gainera, hiru film eskainiko dira hiriko ikastetxeetako ikasleentzat. Guztira hamar emanaldi izango dira, presentzialak, Antzoki Zaharrean. Hauek dira filmak: Yoko oporretan (2022), Trash (2020) eta Gabi, 8 urtetik 13 urtera (2021).

Zinemaldiaren programazioaren barruan, bost erakusketa ere antolatu dira.

Aurten, berriro ere, Esna TÚ giza eskubideei buruzko online jokoa izango da, Euskal Herriko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatua, eta gai honetan parte-hartzaileek duten ezagutza probatuko duena.

Egitaraua solasaldiekin osatuko da eta haietan parte hartuko dute filmen protagonistek, zinemagileek eta hizpide diren gai sozialetan adituek.

Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea bultzatzea da zinemaldi honen helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua.

 Sarrerak

Sarrerak bihar, ostirala, jarriko dira salgai 11:30etik aurrera Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Internet bidez. Doako emanaldietarako gonbidapenak egun berean jarriko dira publikoaren eskura bi antzokietako leihatiletan eta baita online ere.

Zabaldu: