Pixkanaka itxitakoan etenda geratu ziren zerbitzuei ekingo die berriro ere. Osasun larrialdiak sortu duen egoera honetan, hainbat higiene eta segurtasun neurri hartu dira, bai eta egutegi mailakatu bat zehaztu ere.
Itxialdian Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearen jarduera nagusia zerbitzu digitalak sare sozial eta Internet bidez eskaintzea izan da; orain, aldiz, jarduketa protokolo integral bat jarri dute martxan ateak berriro ireki ahal izateko.
Hala, ireki aurretik, higiene neurriei dagokienez, aretoak, altzariak eta gainazalak sakon desinfektatu eta garbitu dituztela azaldu dute. Ateak irekitakoan, berriz, zentroa egunean hainbat aldiz garbituko da, eta berrogeialdian mailegatuta egon diren materialak desinfektatu egingo dira. Itzulitako materialak berrogeialdian jarriko dira apalategietara itzuli aurretik.
Beste jarduketa batzuk ere aurreikusi dira, hala nola langileen babes pertsonala zaintzea, sarreretan gel hidroalkoholikoak jartzea, osasun informazioari buruzko kartelak jartzea, sarbidea mugatzea eta edukiera zehaztea.
Irekitzeko egutegiari dagokionez, gaur, maiatzak 25, maileguak itzultzeko aukera ireki da. Sarreran horretarako propio, espazio bat egokituko da. Liburutegiaren ohiko ordutegian egongo da irekita: astelehenetik ostiralera 8:30etik 20:30era eta larunbatetan 8:30etik 14:00etara.
Ekainaren 1etik aurrera, itzulketa zerbitzuaz gainera, mailegu zerbitzuari berrekingo zaio, bi fasetan:
Ekainaren 1etik 13ra, maileguak aurrez eskatuta egingo dira soilik, katalogoaren bitartez, telefonoz edo aurrez aurre. Telefono bidez erreserbatzeko: 943 112 793. Liburutegian bertan ere erreserbatu ahal izango dira dokumentuak, sarrerako informazio mahaian. Modu batera zein bestera, dokumentuen erreserba prestatutakoan, SMS bidez jakinaraziko zaio erabiltzaileari eskaera prest duela. Mezua jasotzen duen unetik, 72 orduan jaso beharko dira eskatutako dokumentuak.
Ekainaren 15etik aurrera berriz, ohiko mailegu zerbitzuari hasiera emango zaio, eta apalategiak ere erabili ahal izango dira, nahiz eta jende kopurua eta zirkulazioa mugatuko diren.
Kultur jardueren programazioa ere abiaraziko da, eta gaur egungo erakusketa aretoan egingo dira. Areto horrek funtzio bikoitza izango du: Alde batetik, erakusketak hartuko ditu, eta, bestetik, hitzaldiak, biltzarrak eta abar hartzeko lekua eskainiko du (oraingoz, jarduera aretoa ordezkatuko du).
Ekainaren bukaeran beste zenbait zerbitzu martxan jartzea aztertuko da, betiere egoeraren eboluzioaren arabera eta osasun arloko agintarien jarraibideak errespetatuz, adierazi dute.