Festibala futbola bizitzeko dauden modu desberdinetara hurbilduko da umorea, literatura, zinema edo argazkilaritza barne hartzen dituen programa batekin, betiere kulturarekiko eta futbolarekiko interesa duen publiko zabalari begira.
Real Sociedad Fundazioak eta Donostia Kulturak Korner festibala aurkeztu dute Donostian. Kultura eta futbola uztartzen dituen jaialdi honek laugarren edizioa izango du ekainaren 1etik 5era bitartean, Futbolaren bihotza lelopean. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, “jaialdiak omenaldia egingo die pandemia garaian zelaira joan ezin izan diren zaleei, eta kaleetan eta plazetan bildu ezin izan direnei, euren taldeak jarraitu eta animatzeko, Realak Kopa irabazita gertatu den bezala” .
Laugarren edizio honetako programa zaleak futbolarekin duen harremanaren inguruan egituratzen dela adierazi du Andoni Iraola fundazioko zuzendariak. “Futbola zalerik gabe, musikarik gabeko dantza, hilabeteetan zehar Reale Arenan eskegita egon den pankarta batean irakurtzen genuen egunero”, gogoratu du.
Festibala futbola bizitzeko dauden modu desberdinetara hurbilduko da umorea, literatura, zinema edo argazkilaritza barne hartzen dituen programa batekin, betiere kulturarekiko eta futbolarekiko interesa duen publiko zabalari begira.
Jaialdiak hitzaurre berezia izango du Zuhaitz Gurrutxaga aktore eta Realeko jokalari ohiaren Futbolistok bakarrizketarekin. Futbolari profesional gisa izandako bizipenak eta pasadizoak umorez ekarriko ditu gogora, eta, aldi berean, ordutik pairatzen ari den nahaste obsesibo konpultsiboari buruz arituko da. Maiatzaren 13, 14 eta 15ean izango da Antzoki Zaharrean.
Iraolak gogorarazi duenez, “Futbolistok, Zuhaitz Gurrutxagak Kornerren interpretatuko duen bakarrizketa, jaialdiaren aurreko edizioan sortu zen nolabait. Zuhaitzek berak bakarrizketa laburragoa sortu zuen gai horrekin”. Gurrutxagaren esanetan, “ohorea da aste honetan festibala irekitzea. Kartela oso ona da. Bakarrizketan umorea sendagai onenetako bat dela erakutsi nahi dut”.
Ondoren, ekainaren 1etik 5era bitartean, futbola bizitzeko moduak jorratuko dituzte hogei bat gonbidatuk. Parte-hartzaileen artean Manuel Jabois, Lucia Taboada, David Trueba, Karlos Arguiñano, Marta San Miguel, Iñaki Gabilondo, Carlos Marañon, Galder Reguera eta Lopez Ufarte, Bixio Gorriz eta Ernesto Valverde futbolari ohiak arituko dira.
Iraolak arte-ekoizpena bereziki azpimarratu nahi izan du, festibala sortu zenetik indartu nahi izan duen ildoetako bat izan delako: “Aurten ere Kornerrentzat propio ekoitzitako adierazpen artistiko batzuk ikusi ahal izango dira”, Ernesto Valverderen Beste aldea izeneko argazki-erakusketa, kasu.
Egitaraua osatzen duten ekintzen artean ekainaren 5ean Chillida Lekun izango den jardunaldia azpimarratu dute antolatzaileek. “Bisitariek doako bisita gidatua izango dute museoan eta ondoren Galder Reguera eta Carlos Marañon idazleen arteko solasaldia izango da”. El fútbol comom una de las bellas artes futboletik abiatuta literaturaz, zinemaz, arteaz, musikaz eta bizitzaz hitz egin daitekeela erakusteko modu bat izango da.
Oro har “Eztabaidak, solasaldiak, erakusketak, bakarrizketak, futbolaz beste begirada batetik gozatzeko astea” izango dela gaineratu dute antolatzaileek.
Gonbidapenak eta sarrerak
Jarduera guztiak doakoak izango dira edukiera bete arte, Futbolistok eta Monologolak izan ezik. Gonbidapenak eta sarrerak jaialdiaren webgunean (www.korner.eus) eta Donostia Kulturako leihatiletan eros daitezke maiatzaren 24tik aurrera. Futbolistok-en kasuan, dagoeneko salgai daude Donostia Kulturaren leihatiletan eta webgunean. Ernesto Valverde eta David Truebaren arteko solasaldiaren kasuan, gonbidapenak Ernest Lluch Kultur Etxean eskuratu beharko dira (amarakulturetxea@donostia.eus/ 943481919).