Bilduma 40 fotokazetariren lanekin osatu da. Bildutako argazki horien artean daude Andoni Lubaki gipuzkoarrarenak, Clemente Bernard eta Daniel Ochoa de Olza iruindarrenak eta Fernando Moleres eta Ricky Davila bilbotarrenak.
Kontzientzia sortzaileak. Konpromisoa duten 40 argazkilari izeneko erakusketak aitortza egin nahi die gerra gatazketan edota hondamendi naturaletan bizia arriskatzen duten argazkilariei.
Bilduma 40 fotokazetariren lanekin osatu da. Argazki horien artean Andoni Lubaki gipuzkoarrarenak, Clemente Bernard eta Daniel Ochoa de Olza iruindarrenak eta Fernando Moleres eta Ricky Davila bilbotarrenak. Badaude baita Carlos Spottorno eta Jose Cendonenak ere. Ibilbide luzea egindakoak dira fotokazetarietako batzuk, esaterako, Gervasio Sanchez, Kim Manresa, Sergi Camara eta Sandra Balcells; gazteagoak dira, berriz, Javier Corso, Manu Brabo, Samuel Aranda, Bernat Armangue eta Lurdes Basoli.
Erakusketan ikusgai dauden argazkiak munduko komunikabide entzutetsuenetan plazaratu dira, eta Siria, Kolonbia, Venezuela, Irak eta Egipto herrialdeetako errealitateak erakusten dituzte, baita gure auzo eta hirietan bizi ditzakegun egoerak ere. “Argazki guztiak seriotasunez eta zehaztasunez landuta daude, arima eta magia berezi batez, eta ikusleari zer pentsatua emango diote”, azaldu dute antolatzaileek.
Kontzientziak astintzeaz eta injustiziak, gehiegikeriak eta giza oinazea ezagutarazteaz gain, erakusketak gorazarre egin nahi dio baldintza txarretan eta arriskuak hartuz lanean aritu den fotokazetarien belaunaldi bati.
Hori horrela, antolatzaileek omenaldi txiki bat egin nahi izan diete David Beriain kazetariari eta Roberto Fraile kamerariari. “Beraiek ere errealitatea den modukoa azaldu nahi zuten, kontzientziak sortuz”, adierazi dute.