(Argazkia: Donostiako Piratak)

Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusia aurkeztu eta honen ezaugarriak aletu dituzte gaur, Donostiako Kaian

Abuztuaren 9tik 17ra bitartean izango da aurtengo Donostiako Aste Nagusia eta Piratek egitaraua aurkeztu dute jada. Mugimenduaren ikur bilakatu duten abordatzea egingo dute eta, besteak beste, Orekka erromeria, Izaki Gardenak, Olatz Salvador, La Txama, Goxua’n Salsa, Bengo, Añube, Sukena, Indabe eta Lukiek talde eta bakarlariak igoko dira oholtzara.

Abuztuaren 9tik 17ra bitartean egingo da 2025eko Aste Nagusia eta bertan elkartuko direla azpimarratu nahi izan dute, “hainbeste maite dugun auzolana oinarri, jai herrikoi eta parte-hartzaile hau gorpuzten dugun kofradiakideak, txalekorik gabeko eskifaia zein komunitatea osatzen dugun gainerako kideak eta boluntarioak egongo gara. Herri bizirik gabeko hiri eri honetan, badugulako nori kantatu”.

Aurten ere, Mattik aldarri bat eramango du besapean, “gure baloreekin bat datorren lana egiten duen mugimendu, elkarte edo talde batek ordezkatuta”, adierazi dute. Martuteneko auzo elkartea, etxe kaleratzeen aurkako kolektiboa, Irutxuloko Hitza komunikabidea, Abortu Eskubidearen Aldeko Mugimendua, Altsasuko Gurasoak, Naizen elkartea, Kaleko Afari Solidarioak edota Euskal Herriko Bilgune Feminista dira, besteak beste, urteotan jaiak Piratekin ospatzen aritu diren eragileak.

Bada, 2025an ere, herritik eta herriarentzat ari diren horien lana ekarri nahi dute lehen lerrora: Donostiako Pentsionisten Mugimenduarena, hain zuzen. “Pertsona guztiak zahartuko gara eta, inoiz baino gehiago, beharko dugu duintasunez eta zaintzaz lagunduta bizitzeko testuingurua. Horretarako, ezinbestekoa da sarea eraikitzea, soziala, noski, belaunaldi arteko elkartasunean oinarriturikoa, baina, baita ekonomikoa ere: publikoa eta kalitatezkoa. Eta horren aldeko borroka bizian ari dira haiek, pentsionistak”.

Zortzi eguneko egitaraua

Zortzi eguneko egitaraua prestatu dute aurten ere. “Egunean zehar askotariko ekintzak izango ditugu Flamenkan zein Donostiako beste zenbait txokotan: bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, playback lehiaketa, azoka, herri bazkariak… Ez da faltako, noski, mugimenduaren ikur bilakatu dugun Abordatzea. Hilaren 11n, baltsak uretara bota eta edozer dugula posible aldarrikatuko dugu. Era berean, abuztuaren 15ean, ostirala, egun osoko egitarau bereziarekin ospatuko dugu Pirata Eguna”.

Diotenez, haurrek ere izango dute aukera “partxea jantzi eta pirata sentitzeko”, hainbat egunetan haiei bereziki eskainitako ekintzak izango baitituzte: jokoak, hockey tailerra eta abordatze txikia, besteak beste.

Flamenka eta Trinitate Plazako guneetako gauak girotuko dituen musika eskaintza orotarikoa ere nabarmendu nahi izan dute Piratek. Urtero egin ohi duten bezala, tokiko musikariei lehentasuna emanez, programazio anitza, euskalduna eta feminista osatu dute: Orekka erromeria, Izaki Gardenak, Olatz Salvador, La Txama, Goxua’n Salsa, Hofe, Labar, Eusko Princess, Bengo, Merina Gris, Añube, Sukena, Marte Lasarte, Indabe eta Lukiek talde eta bakarlariak igaroko dira Flamenka guneko oholtzatik.

Trinitate Plazak iluntzeetan eskaini ohi duen kultur proposamenak osatuko du zerrenda, “eskaintza txikiagoen zale diren piraton gotorleku bilakatzeko xedez”. Besteak beste, Revolutionary Brothers, Peppermint Sextet, Andoni Ollokiegi, Larre, Badmintones, ON, Ekiza & Xak, Pelax eta La Jodedera igaroko dira bertatik.

Autodefentsa eta transfeminismoa

Aurten ere Piraten Lantalde Feminista martxan da, eta aurreko urtean hartutako lan-ildoetan sakontzen jarraitzeko ahaleginean. Bide horretan, kai gunean erasoak salatzeko puntu morea jarriko dute eta, bertan salaketa egiteaz gain, behar lukeenari, Bulebarreko artatzegunera akonpainamendua egingo zaio. Izan ere, “kontziente gara artatzeak pertsona profesionalek egin behar dituztela, eta, horretarako, Udalak, Emagin elkarteak kudeatutako artatze-gunea jarriko du Bulebarrean behar duenari lehen arreta emateko”.

Hala ere, Donostiako Piraten lantalde feministatik garbi ikusten duteez dela nahikoa hiri guztiko erasoak puntu bakar batean artatzearekin, eta hirian zehar puntu gehiago jartzeko eskaeran berresten dira. “Piratok gure jai gunean gertatzen diren eraso anitzetan begirada fintzen jarraitzen dugu eta, norabide horretan gure protokoloetan sakontzen jarraitu dugu”.
Gainera, erasoen aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dutela argi uzteko kaleak hartuko dituzte, abuztuaren 16an, arratsaldeko 19:30ean. “Agerraldi honetan parte-hartzera dei egiten dizuegu. Erasoek jarraitzen duten bitartean aurrean egongo garelako, eta hauei aurre egitea denon ardura delako”.

Donostian eta inguruko herrietan azken hilabeteetan oldarraldi faxistak eragindako eraso arrazistak areagotzen ari direla diote, eta “Piratok garbi daukagu gorroto erasorik gabeko festa eta hiria nahi ditugula jaietan ere. Eta horien aurrean erantzuteko prest gaude!”.
Azkenik, Sardiñeren kofradiarekin elkarlanean, abuztuaren 12ko egitaraua prestatu dutela gogorarazi dute. Kalejira Transfeminista aldarrikatzailean parte-hartzeko gonbita luzatu, eta baita ondorengo Maruxaken showera eta gaueko Lumatza festara.

Zabaldu:

Utzi erantzuna