(argazkia: Donostia Kultura)

Donostiako San Telmo Museoak 120 urte beteko ditu urriaren 5ean

1902ko urriaren 5ean, Museo Historiko, Artistiko eta Arkeologikoa inauguratu zen Donostian, gaur egun San Telmo Museoa dena. Efemeride hau ospatzeko, urrian zehar luzatuko diren hainbat ekintza antolatu ditu museoak.

Urriaren 4an hasiko da San Telmo Museoaren 120. urtemugaren ospakizunekin, bazkideei, patronoei eta gaur museoa osatzen duten pertsonei zuzendutako ekitaldi batekin. 5a, asteazkena, duela 120 urte museoa inauguratu zen eguna, ate irekien eguna izango da, San Telmora hurbildu nahi duten pertsona guztiekin ospatzeko.

Bi ospakizun horiez gain, urrian doako bisita gidatuak eskainiko dira museora, eta sarrera ere doakoa izango da bisitetan parte hartzen dutenentzako. Astearteetan, larunbatetan eta igandeetan izango dira, aldez aurretik museoaren webgunean izena emanda: astearte eta igandeetan 12:00etan euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz; larunbatetan, 12:00etan gaztelaniaz eta 18:30ean euskaraz.
Gainera, urriko larunbatetan, hilaren 1ean hasita, familientzako artista tailerrak egingo dira, Paperezko museo bat izenburuarekin. Horietan, Aran Santamariaren laguntzarekin, parte hartzaileek beren museoa sortu ahal izango dute pop-up teknikaren bidez.

Bestalde, urrian zehar museoak kanpaina bat egingo du bi helburu nagusirekin: museoa gizarteari hurbiltzea eta ahalik eta pertsona gehien animatzea museoaren parte izatera. Kanpaina honetan pertsona oso ezagun batzuek eta anonimoagoek hartu dute parte, guztiak ere San Telmori lotutakoak beren burua identifikatzen duten erakusketa iraunkorreko obra edo pieza baten bidez.

Zabaldu: