(argazkia: Iker Azurmendi)

Donostiako San Telmo Museoak arte historikoaren aretoaren eraberritzea aurkeztu du

Arte Ederren aretoetako eraberritze integralaren lehen fasea da honakoa eta 2024an euskal artearen espazioarekin bukatuko da.

Dagoeneko zabalik da San Telmo Museoko arte historikoko areto berritua, hainbat alderdi nabarmen dituen birmoldaketa baten ondoren. “Kontzeptualki, aretoaren muinak diskurtso kronologikoa izaten jarraituko du, hori delako funtzionalena eta bildumako piezez gozatzea gehien ahalbidetzen duena. Bertan jasotzen den aldia XV. mendetik XX. mendera (1925) artekoa da”, azaldu dute museoko ordezkariek. Gune honetan txertatu dira euskal pinturaren aurrekariak eta euskal artisten lehen belaunaldiak, orain arte euskal artearen aretoan erakusten zirenak.

Gune honetako piezak beren kalitatearengatik edota arte estilo eta testuinguru historiko jakin bat ordezkatzeko egokitasunagatik hautatu dituztela nabarmendu dute. “Aurreko erakusketan ez bezala, hautaketari dagokionez irizpide zorrotzagoa jarraitu dugu, gehiago nabarmentzen den obra kopuru txikiago bat bilatuz”.

Hala, aurkeztutako erakusketa honek 101 pieza ditu. Horietatik 80 San Telmoren bildumakoak dira, 20 museoaren parte dira nahiz eta Madrilgo Prado museoaren gordailu historikoak diren, eta bat Bilboko Arte Ederren Museoko lagapena da.

Horien artean artista garrantzitsuen obrak daude, besteak beste, El Greco, Rubens, Guido Reni, Alonso Cano, Ykens, Carreño de Miranda eta Fortuny; baita euskal artista ezagunenak ere, hala nola Valentin Zubiaurre, Iturrino, Olasagasti edota Regoyos.

Museoak bederatzi obra berri gehitu ditu Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, gordeak egon direnak eta zaharberritze tailerretan prestatu dituztenak ikusgai jartzeko.

Horien artean nabarmentzekoa da Inmaculada Concepción, Mateo Cerezo Gazteak margotutakoa 1663. eta 1665. urteen artean. “Honetan Barrokoaren formen inplantazioa hautematen da Kontraerreformaren baloreak finkatzen ari ziren une batean, non sakratuak profanoaren gainetik erabateko gailentasuna zuen”.

Aukeraketa horretan daude museoak dituen aldi kronologiko honetako emakumezko artista guztien lau obra, emakume artistei ikusgarritasuna emateko politikari jarraituz. Zehazki, Catherina Ykens, Inocencia Arangoa, Victoria Malinowska eta Elena Brockmann dira artista horiek. Hala ere, une honetan Brockmannen Patio de un parador eta Malinowskaren Pequeñas pescadoras de Ondarroa ez daude aretoetan, San Telmok Thyssen-Bornemisza Museoari Maestras erakusketarako mailegatu dizkiolako.

Zuloaga aretoa eta Ortiz Echagüe aretoa

Gune zentral horrekin batera, eta aretoa hasieratik eta amaieratik azkenduz, bi gune garrantzitsu,  ezberdindu eta berezi daude: Zuloaga aretoa eta  Ortiz Echagüe aretoa. Lehenago ere bazeuden bi areto hauek, baina bietan aldaketak egin dira. Ortiz Echagüeren kasuan obra berriak txertatu dira eta Zuloagaren kasuan aretoaren beraren kokalekua da berritasuna.

Espazioari dagokionez, aurreko museografia alde batera utzi da. Lehengo proposamenak XIX. mendeko museoak iradokitzen zituen, non obrek pareta osoak estaltzen zituzten goitik behera eta piezak egokitu egiten ziren konpartimentu paralelo eta berdinen segida batera.

Orain espazio birmoldatua erakusten da, jasangarritasun irizpideekin sortua, eta, beraz, dagoeneko aretoetan zeuden erakusketa-paramentuetan ahalik eta esku-hartze txikiena eginez. Gune ezberdinak sortu dira pareta zatikatuekin, horiek luzatuz edo moztuz, erakutsi nahi ziren obren beharren arabera.

 Estetikoki keinu klasikoak baztertu dira, hala nola iroko-egurrezko bukalanak edo ziri bidezko zintzilikatze sistemak. “Orain estetika garbiago eta neutroago baten aldeko apostua egin da, bisitariaren begirada obran zentratzeko apaingarriek arreta galduarazi ez dezaten”.

 Gonbidatutako obra

Aretoan espazio bat  gorde da gonbidatutako obrak ikusgai jartzeko. “Horrek ahalbidetuko du denbora batez arreta obra jakin batera erakartzea, bere ezaugarriengatik, gaurkotasunagatik edo bakantasunagatik azpimarragarria denean”.

Espazio hau obra bakan batekin inauguratuko da: 3 metro luze dituen akuarela bat Raman Cortazar arkitektoak sortu zuena Perla bainuetxea eraikitzeko jatorrizko proiektu arkitektonikoaren aurkezpenerako. 2024ko maiatzaren 26ra arte egongo da ikusgai.

Bisita gidatuak eta app-a

 Aretoa xehetasunez azaltzeko bisita gidatuak antolatu ditu San Telmok. Abenduaren 14an eta 28an izango dira, 18:00etan euskaraz. Bisitak doakoak izango dira museoko sarrera eskuratuta, baina ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea museoaren webgunearen bidez. Gainera, aretoko 15 pieza Second Canvas aplikazioan ikus daitezke.

Zabaldu: