Museoa berritu zenetik, ildo estrategikoetako bat da Erronkak, gaurkotasuneko gaiei erantzuten diena, batez ere jardueren eta erakusketen bidez. Datozen hilabeteetako programazioa aurkeztu dute orain. Gainera, lan ildo hau indartu egingo da, identifikatuko duen irudi bat sortuz eta erakusketa iraunkorrean elementu berriak txertatuz.
Donostiako San Telmo gizarte museo bilakatzeko egindako museologia proiektuak Erronkak izeneko ildo estrategiko berria ireki zuen 2011n. Hala, tradizioarekin eta antzinako bizimoduekin oso identifikatuta zegoen erakundea, gizartearen fenomeno garaikideetan oinarritutako ikuspegi berri batez hornitu zuen, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketarako eta eztabaidarako espazioak irekiz. Azaldu dutenez, “euskal gizartea anitza eta askotarikoa da bere nortasun eta bizimoduetan, eta gaur egun gizarte moderno eta irekia da, planetaren gainerako tokiekin arazo globalak partekatzen dituena, hala nola bakea eta gerra, klima aldaketa, desberdintasunak, migrazioak, segurtasuna, hirien garapena, zahartzea edo berrikuntza tekniko eta zientifikoen ondorioak”.
Urte hauetan, bost ardatz nagusitan oinarrituta (Kulturartekotasuna, Iraunkortasuna, Genero Berdintasuna, Bakea eta Giza Eskubideak, eta Europa), unean uneko erronka handiei heldu die museoak, gaurkotasunak eskatzen zituen beste hainbat gai alde batera utzi gabe.
Erronkak ildoan garrantzi handiko erakunde eta eragile kultural eta akademikoen lankidetza egonkorra du San Telmok, hala nola, Ankulegi; Cristina Enea Fundazioa; Donostia International Physics Center; Galde Aldizkaria; Globernance. Gobernantza Demokratikoaren Institutua; Jakiunde; Deustuko Unibertsitatea (Ares); eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Hauekin eta puntualki bidelagun diren beste batzuekin elkarlanean osatu dira museoaren ikuspegi garaikide horren arabera eta hainbat diziplinatatik (antropologia, filosofia, historia edo literatura) planteatutako erakusketa, hitzaldi, mahai-inguru eta zikloak. “Asko dira, urte hauetan, hainbat ziklotan jorratutako gaiak, besteak beste Udaberri arabiarrak, Europako mugak, Feminismoarekiko erresistentziak, Burmuinaren zahartzea, eta Adimen artifiziala. Hala, zientziaren, aktibismoaren eta pentsamenduaren hainbat arlotako adituak parte hartu dute, tartean Sami Naïr, Saskia Sassen, Adela Cortina, Amelia Valcarcel, Rafael Yuste, Mikel Ayestaran, John Banville, Adam Zagayeswski eta Vandana Shiva”.
Nabarmendu dutenez, “urte hauetan, proiektu hau handituz eta sendotuz joan da, museoaren nortasun-ikur bihurtu arte. Ziklo horiek, gaur egun, publikoaren onarpen handia dute, eta denontzat eskuragarri dagoen Youtubeko gure kanalean hitzaldi-sorta (artxibo) zabala sortzen ari da”.
Hainbat ezagutza-arlo jorratu dituzten erakusketak ere izan dira Erronkak ildoan kokatzen direnak, iragana eta etorkizuna lotu dituztenak: Bazterrekoen irudiak; Pantaila globala; Urak, Ibaiak eta Herriak; Hondar artean; eta Indésirables, batzuk aipatzearren.
Lan ildo honetarako identifikazio propioa
Museoak garrantzitsu jotzen du orain arte egindakoari balioa ematea eta bide hau berarekin egiten ari direnei lankidetza eskertzea. “Ikusgarritasuna indartzeko asmoz, Erronkak ildoari identifikazio propioa eman diogu, museoaren jardueren eta proposamenen artean erraz bereiz dadin. Horrela, hobeto beteko du bere helburua: hausnarketa, norbere buruari galderak egitea, ikastea eta eztabaida sustatzea”.
Erakusketa iraunkorra
Begirada garaikide hori agerikoagoa izango da erakusketa iraunkorrean ere. “Honetarako, mota ezberdineko esku-hartzeak egingo dira hainbat fasetan, euskal arte aretoan hasita duguna esaterako, eta ibilbideko beste zenbait puntutan ere begirada garaikidea txertatuko dugu esku-hartze berriekin. Horrela, dagoeneko irakurketa hori baduten puntuei -baserriaren aretoan dagoen ikus-entzunezkoa adibidez, baserriaren bilakaera gaur egungo ikuspuntutik aurkezten duena- beste batzuk gehituko zaizkie”.
Horrela, erakusketa iraunkorrak aurkezten duenarekin lotzen diren gaurkotasuneko gaiak -ez beti agerikoak- nabarmenduko dira, eta museoaren kontakizunaren irakurketa garaikidea egiten laguntzen duten gakoak emango zaizkio bisitariari.
Bestalde, erakusketa iraunkorraren ibilbidearen amaieran, dagoeneko azaltzen ziren hainbat eduki gaurkotuko dituzte – ekologia, esaterako, gaur egun klima aldaketaren bitartez nagusiki entzutetsu dena – eta urte hauetan sortu diren gai berriak gehituko dituzte, migrazioak edota populazioaren zahartzea bezala. Aldaketa horiek aurkezten joango direla iragarri dute.