(argazkia: Nagore Iraola)

Donostiako San Telmo Museoak eta SOS Arrazakeriak ‘Milaka eskuren isilpeko lana’ proiektua aurkeztu dute

Proiektu artistiko honek jatorri atzerritarreko emakume etxeko langileen errealitatea ikusarazi nahi du erakusketa eta hainbat jardueraren bidez.

Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteko Etxeko Emakume Migratzaile Langileen taldearen istorioak, bizipenak eta aldarrikapenak ezagutzera emango dituzte, maiatzaren 10era arte, Donostiako San Telmo Museoko Laborategian. “Haien aldarriak ezagutuko ditugu, ikusezintasun eta deshumanizazio egoeren, migrazio-doluen prozesuen eta lan-baldintzen ingurukoak”, azaldu dute proiektuaren sustatzaileek.

Milaka eskuren isilpeko lanak du izena proiektuak eta bi bide garatzen ditu, aldi berean; batetik, argazki proiektu baten sormen prozesua, Joseba Bontigui argazkilariaren parte hartzearekin, eta, bestetik, zentzua ematen dion benetako helburua: aurrez aurre begiratzera ausartzen ez garen errealitate sozial bat erakustea. Proiektua Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak 2019an egindako Jatorri Atzerritarreko Emakume Etxeko Langileak; egoera sozio-laborala eta zainketen arloko diskriminazioa txostena argitaratu ondoren sortu zen. Txosten hori “ekarpen berri bat izan zen lurraldean lan egiten duten atzerritar jatorriko etxeko langileek jasaten dituzten abusuzko lan-egoerak eta diskriminazioa salatzeko”.

Proposamenak Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteko emakume etxeko langileen kolektiboaren inplikazio aktiboa du, besteak beste kolektibo horren kontzeptua eraldatzea bilatzen duen erakusketa bati forma ematen lagundu baitu, hainbat mailatako planteamendu parte hartzaile eta dinamiko baten bidez. Alde batetik, proiektuaren prestaketan bertan parte hartzaile izan da, eta protagonisten ekarpenak jaso ditu. Bestalde, erakusketa aurkezten den espazioa ere parte hartzeko lekua izango da, hainbat jardueraren bidez, eta horrela, Laborategia, museoa, kolektibo hori osatzen duten emakumeen topagune eta ezagutzarako gune bihurtuko da. Topaketa horien ondorioz, material berriak sortuko dira, eta zabalik dagoen denboran txertatuko dira erakusketan.

Azkenik, espazioa ere proiektuaren alderdi artistikoaren garapenari lotzen zaio, aretoko gune bat estudioa bihurtuko baita, eta bertan aurrerago erakusketara gehituko diren argazkiak aterako baitira.

Honela deskribatzen du Bontiguik proiektua: “XXI. mendean, irudiak mundua definitzen eta aurkezten digun honetan, Milaka eskuren isilpeko lana proiektuak hurbiletik erakutsi nahi du arteak gizarte arazo bat izan dezakeela erreferente, sormen prozesuan abiapuntu gisa balio duena. Prozesu horretan lortutako argazkiak, irudietatik harago, erretratatutako emakumeen historia pertsonalaz hitz egiten duen narratiba baten emaitza izango dira. Erakusketa bisitatzen duenak emakume horien indarra eta boterea ezagutuko du, inguruan duten mundua, non emakumeak diren sostengatzaileak. Horrela, prozesuaren amaieran, ezaugarri diskriminatzaileak publikoak bere kabuz deskubrituko dituen ezaugarri positibo, partikular eta aberasgarri bihurtzea lortuko dugu”.

Erakusketa hiru esparrutan egituratzen da: Lehen esparruan, lehen planoan ageri diren argazkiekin egiten dugu topo, emakume horien eskuak ikusiko ditugu, haien lan-tresnak; haien aurpegiak, berriz, bigarren plano batean geratzen dira, fokurik gabe.

Bigarrenak etxeko langile diren emakume migratzaileen kolektiboaren eguneroko errealitatearen hainbat alderditara hurbiltzen gaitu. Egunerokotasunarekin lotutako objektuen, dokumentuen, agertokien, testigantzen eta abarren bidez, haien errealitatera hurbilduko gara: zailtasunak, lan kontratuak, zaintzak, nazioz gaindiko hazkuntza, migrazio dolua eta aukera berriak.

Azkenik, erretratuen galeria ageri da. Espazio honetan, erakusketa inauguratzean marko huts batzuk aurkitzen baditugu ere, apirilaren 25etik aurrera markoek erakusketako protagonisten erretratuak erakutsiko dituzte.

Zabaldu: