(argazkia: Iker Azurmendi)

Donostiako San Telmo Museoak ‘Isabel Azkarate. Arte eta parte’ erakusketa zabalduko du bihar

Gizakiak artearekin duen harreman estua erakusten duten hiru argazki-sailez osatutako erakusketa da eta maiatzaren 5era arte egongo da ikusgai.

Larunbat honetan, urtarrilaren 27an, Donostiako San Telmo Museoak Isabel Azkarate. Arte eta parte erakusketa zabalduko du. Honetan, argazkilari donostiarrak gizakiak artearekin duen harreman intimora egiten dituen hurbilketak aztertzen ditu.

Erakusketak gizakiak artearekin duen harreman estua erakusten duten hiru argazki-serie biltzen ditu.

Azkaratek, artezale amorratua den aldetik, lehen lerrotik bizi, gozatu eta dokumentatu du panorama artistikoa. Bere artxiboak 80ko eta 90eko hamarkadetako ekitaldi ugari biltzen ditu, baita nazioarteko artista ezagunenen erretratuak ere. Azkarate kontrakultura mugimendu baten jaiotzaren lekuko izan zen, trantsizio politiko betean, Euskal Herrian identitatea eta adierazpen askatasuna ospatzen zituena.

Lehenengo sailak euskal kulturako 15 artista esanguratsuren erretratuak biltzen ditu, bere tailer eta estudiotan eginak. Margolariak, eskultoreak, idazleak, musikariak eta zinemagileak dira. Hauekin esperientziak eta kezkak partekatu ditu Azkaratek, eta argazkiak egin dizkie bere intimitatean eta konplizitatean, askotan  norberaren lan-eremuan eta bere espiritu sortzailea nabarmenduz. Artista hauek agertzen dira: Jorge Oteiza, Eduardo Txillida (Juana de Aizpuru galeristarekin), Juan Luis Goenaga, Ana Busto, Javier Gurruchaga eta Pedro Ayestaran, Andres Nagel, Alejandro Garmendia, Bernardo Atxaga, Julio Caro Baroja, Rafa Berrio, La Otxoa, Vicente Ameztoy, Daniel Calparsoro, Jose Miguel Barandiaran eta Juan Txillida.

Bigarren seriea mundu osoko galeria eta museoetan hartutako 17 argazkik osatzen dute. Bertan, ikusleak arte garaikideko obrekin ageri dira, batez ere emakumeen gorputzaren irudikapen hiperrealisten aurrean. Pertsonaia anonimo horien kontenplazioa argazkilariaren begirada ironiko eta ausartak harrapatu zuen, eta orain, irudi horiek erakutsiz, ispilu-jokoa osatzen du. Hala, erakusketa honen ikusleek zera ikusiko dute: behatzen ari den eta aldi berean behatua izaten ari den jendea, zirkulu voyeuristiko bertutetsu bat osatuz.

Hirugarren sailak, Biltegira eramandakoak, 80ko hamarkadan New Yorken, American Museum of Natural History-n, egindako eta orain arte argitaratu gabeko argazki-saiakera bat erakusten du. Bertan, Azkaratek museoaren biltegian abandonatutako amerindiarren eta afroamerikarren bustoen bilduma bat deskubritu zuen. Izaki ahaztuak dira, estigma bikoitz baten gainetik bizirik irauten zutenak: batetik, arrazializatutako estatubatuarren komunitate bat ordezkatzea eta herrialdearen historia ofizialean bigarren mailako protagonistak izatea. Eta bestetik, irudikapen zaharkitu eta politikoki zuzena ez dena izatea, museoen diskurtsotik kentzera eraman zituena.

Erakusketa Isabel Azkarate atzera begirakoaren osagarria da

Euskal foto-kazetaritzaren aitzindaritzat jotzen denaren ibilbide osoa errepasatzen du, eta 2024ko otsailaren 25era arte egongo da ikusgai Kutxa Fundazioaren Artegunea aretoan, Tabakaleran.

Bi erakusketa horiekin Donostiak omenaldia egin nahi izan dio argazkilari donostiarrari, eta publiko zabalari aukera ematen dio Euskal Herrian eta kanpoan oraindik gutxi ezagutzen den egile baten ibilbide profesional zabala eta askotarikoa ezagutzeko. Nolanahi ere, ezinbestekoa den Azkarateren argazki-ondareak XX. mendeko emakume argazkilarien historia osatzen du.

Zabaldu: