Donostiako San Telmo Museoak ‘Kearen eta lanbroaren artean. Sigfrido Koch Bengoetxea’ erakusketa aurkeztu du

Erakusketak 150 argazki inguru biltzen ditu, gehienak argitaratu gabeak. Erakusketa maiatzaren 23ra arte egongo da ikusgai.

Kearen eta lanbroaren artean erakusketaren oinarria Sigfrido Koch Bengoetxearen argazki lana da, XX. mendearen hasieran Donostiara bizitzera etorri zen Willy Koch Schöneweiss argazkilariaren semea. Bi aretotan banatu dute erakusketa, lehenengoa gerrako albumari eskainia dago, Gerra Zibilaren inguruko argazki argitaragabeekin osatutako album bat. Horretatik 90 bat irudi daude ikusgai, garai hura dokumentatzeko balio duen material gehigarriarekin batera. Albuma oraindik editatu gabeko aurkikuntza bat da, eta Gerra Zibilean interesa duen pertsona ororentzat balio handia du.

Edukien artean daude Franco diktadorearen indarrak babestu zituzten Abiazio Legionarioak (Italia) eta Condor Legioak (Alemania) Euskal Herrian egindako bonbardaketen ondorioak erakusten dituzten argazkiak. Bertan, suntsitutako herrien irudiak daude, hala nola, Zornotza, Artxanda, Durango, Galdakao eta Gernikakoak. Horiez gain, espazio honetan Pablo Murga eta Alejandro Goikoetxea ingeniariek proiektatutako Burdin hesia-ren argazkiak daude. Bilboren defentsarako babes-sistema bat izan zen Gerra zibilean, 180 bunker ingurukoa.

Gune honi amaiera emateko, Carmelo Balda doktoreak egindako aurpegi ebakuntzen argazki batzuk erakusten dira. Albuma Japoniako bigarren gerra txinatarrean zehar egindako argazki batzuekin amaitzen da, eta hauetan ofizial japoniarrek presoei burua mozten ikusten da (hauek ez dira Koch Bengoetxearen argazkiak).

Gainera, album honetan Eduardo Lagarderen 29 marrazkiren argazkiak daude, argitalpen ezberdinetan agertzen diren ilustrazioak irudikatzen dituztenak.  Agitalpen horietako batzuk eta marrazki horien hiru argazki erakusten dira atal honetan.

Material osagarri gisa, garaiaren testuinguruan kokatzen laguntzen duten hainbat elementu aurkezten dira, hala nola aldizkako argitalpenak edo beste artxibo batzuetatik eta erakundeen eta partikularren funtsetatik ekarritako argazkiak, beira-arasetan erakusten direnak: besteak beste, Oskar Kokoschkaren Pomozte baskickym detem! litografia ezaguna; Life aldizkari amerikarra, Robert Capak Cerro Murianon jasotako Gerra Zibileko argazkirik esanguratsuena lehen aldiz argitaratu zuena; edo Regards aldizkari frantziarra, non berak eta David Seymourrek (“Chim”) Euskal Herrian Gerra Zibilaren inguruko hainbat erreportaje egiten zituzten; Euskadiko Alderdi Komunistak argitaratutako Erri aldizkari grafikoa, eta abar.

Dokumentu horiekin batera, egile garaikide handien argazki gehiago daude, baita Florence Roberts kazetariaren albuma ere. Errefuxiatuen garraioan bereziki aritu zen Seven Seas Spray itsasontziko bidaiaria izan zen Roberts, eta Euskal Herriko Gerra Zibilaren inguruko hainbat eszena islatzen ditu bere albumak.

Pais Vasco: Guipuzcoa

Bigarren aretoak 1948an argitaratutako Pais Vasco: Guipuzcoa liburuko 65 irudi inguru erakusten ditu, izaera bukolikoa dutenak.

Zabaldu: