Artista donostiarrak formatu berezi honetan sortutako 52 lan biltzen ditu erakusketak. Martxoaren 13ra arte bisitatu ahal izango da Museoko Laborategian.
Rosa Valverde (Donostia, 1953-Azkaine, 2015) artistak mota ezberdinetako sorkuntza artistikoak jorratu zituen bere ibilbide artistikoan: margolanak, marrazkiak, grabatuak, objektu-eskulturak eta baita arte kaxak ere, azken hauek batez ere 2000. urtetik aurrera.
Egileak sortutako kaxa guztien ia erdia bildu da San Telmo Museoko erakusketa honetarako eta bisitariari haren unibertsora hurbiltzeko aukera emango dio. 1975. eta 2012. urteen artean sortutako kaxak dira. Horiekin batera, artistari buruzko bideo bat eta tamaina handian erreproduzitutako bi argazki ere ikus daitezke.
Baginen bagara proiektuaren barruan kokatzen da erakusketa, eta bere helburuen artean gure inguruko artistak ikusaraztea dago. Valverderen lana lehenago ere ikusi ahal izan da San Telmon, besteak beste, artistak 1978an museoan egin zuen bakarkako lehen erakusketan, eta orain, kutxak erakusteko aukera profitatuz, formatu hori landu zuen sortzaile donostiarrarengan zentratutako ikerketa-kasu gisa planteatzen da, bere berezitasuna erakusteko. Gainera, bat dator Valverderen lanak museoko bildumetan sartzearekin, bai erosketa bidez, bai laster ezagutzera emango den paperezko obraren dohaintza bidez.
Kaxak dira, ziurrenik, artistaren sorkuntzarik intimoenak eta pertsonalenak. Hainbat objektuz osaturik daude, baina objektuek, bere horretan, solte, ez daukate baliorik. Objektu aurkituak dira, adiskideen opariak batzuetan edo bazar eta azoketan topatutakoak besteetan. Donostiarraren sentikortasunak hautaturik, altxorrak balira bezala gorderik, bere estudioko edo etxeko apaletan jartzen zituen objektu horiek artistak, harik eta kaxa batean beren txokoa topatzen zuten arte. Han kokatzen dira hiru dimentsioko collage baten tankeran eta narrazio hunkigarriak sortzen dituzte, poetikoak, guztiz gogorrak tarteka.
Objektuak uztartzeko erabilitako lengoaia berezkoa da, aurreiritzirik gabea, erabateko askatasunaren jarreratik landua; funtsezko osagaiak dira umorea eta ironia. Sorkuntza hauek kitscha gogorarazten dute batzuetan, edo gauza kursiez baliatzen dira ziztatzeko, kontrasteak sortzeko.
Donostiako San Telmoko Laborategian ikusgai dagoen erakusketa monografiko honen komisarioa Isabel Sagües da eta katalogorako prestatutako testuan azaldu duenez, “Rosa Valverdek bere kaxei buruz edo bere margolanei buruz hitz egiten zuenean, obraren inguruko kontuak azaltzen zituen. Orokorrean, objektuetako baten jatorriari buruzko pasadizoak kontatzen zituen, edo, bestela, kaxa amaitu ostean hari buruz sorturiko istorioren bat azaltzen zuen. Ez zuen kontatzen zer adierazi nahi zuen kaxa zehatz baten bitartez, edo obrak zer esanahi zuen. Egiaz, bera ere ez zen gai esplikatzeko, edo ez zuen modu esplizituan azaldu nahi, izan ere, arrazionalaren eta irrazionalaren arteko muga lausotik abiatuta sortzen baitzituen bere kaxak. Emozioen, pasioen eta jarreren ondare zabalak elikatutako pultsioetatik abiatzen ziren kaxak, Valverderen lan guztiak bezala”.
“Zoritxarrez, Rosa jada ez dago gure artean, eta ezin ditu azaldu erakusketa honetako kaxei buruzko istorioak. Baina, haren artxiboaren dokumentazioa aztertuz eta nire memoria oraindik freskora joz, saiatu nahiz kaxetako batzuk janzten, iruzkinen eta istorio txikien bitartez, ikusleari argi pixka bat emateko erakusketa honetan”.