(argazkia: Tabakalera)

Donostiako Tabakalera zentroak eta EHUk egonaldi-programa berria aurkeztu dute

Antton Goikoetxea (s/t), Pama Canoles (Oleajes eléctricos), Danel Garai (La ciudad invisible), Victoria Ascaso (Alma 1.0) eta Oriol Pares (Quantum Harmonic Oscillator) dira egonaldia egingo duten sortzaileak eta proiektuak.

Donostiako Tabakalera zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean abian jarri duten egonaldi-programan parte hartuko duten aurtengo sortzaileak eta proiektuak aurkeztu dituzte. Zehaztu dutenez, “egonaldi programa honek lotura estua du EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte Garaikide eta Performatiboa Masterrarekin, eta ikerketa, sormena eta artearen, zientziaren eta teknologiaren profesionalizazioa sustatzea du helburu”.

Orotara, bost sortzaile aukeratu dituzte martxoan zabalik egon den deialdian jasotako proposamenen artean. Guztiek sei asteko egonaldia egingo dute Tabakalerako Artisten Gunean euren proiektu artistikoak garatzeko. Hauek dira egonaldia egingo duten sortzaileak eta proiektuak: Antton Goikoetxea (s/t), Pama Canoles (Oleajes eléctricos), Danel Garai (La ciudad invisible), Victoria Ascaso (Alma 1.0) eta Oriol Pares (Quantum Harmonic Oscillator).

Aukeratutako sortzaileek euren proiektuak garatzeko tokia, testuingurua eta denbora izango dute Tabakaleran. Gainera, EHUko eta Tabakalerako kideen laguntza jasoko dute, egitasmoen jarraipena egingo dute eta horiek garatzeko ezagutza teknikoa eskainiko dieten zenbait adituren laguntza ere izango dute.

Bi erakundeek sustatutako egonaldi-programa hau Donostiako zentroaren Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea lan-ildoaren barruan dago eta bere helburuetako bat da sorkuntza artistikoko proiektuak zientziaren eta teknologiaren esparruko adituekin batera garatzea.

Zabaldu: