(argazkia: Zinemaldi Alternatiboa)

Donostiako Zinemaldi Alternatiboa hobetzen laguntzeko diru kanpaina abiatu dute

Crowdfunding-aren helburua da Zinemaldi Alternatiboarentzat pantaila profesional bat eta proiektore on bat erostea, eta behar denean herri mugimenduaren esku uztea. Komunitatea plazan batu eta zinemaz gozatu nahi dutela adierazi dute.

Hamalaugarren edizioa izango du aurtengoa Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Ohi bezala, irailerako antolatzen ari dira jaialdia, “Zinemaldi ofiziala baino egun bat lehenago hasi eta egun bat beranduago amaitu bitartean, gauero dokumental bat proiektatzeko asmoa dugu kalean, iaz hasitako bidean sakonduz, baita gaztetxe eta beste zenbait lekutan ere, baina egitarauarekin batera jakinaraziko dugu hori”, adierazi dute.

Iaz proiekzioak egin zituzten Sagueseko frontoian, Txantxarreka gaztetxean, Trinitate plazan, Letaman gaztetxean, Marruman eta Gladys Enean. Aurtengo asmoa da hauek mantendu eta ekimena auzo gehiagotara zabaltzea, auzoetako eragileekin elkarlanean. Azaldu dutenez, “buruan ditugu auzo zehatz ugari eta barne mailan landuko ditugu, baina Donostiako auzoren batean ekimena antolatzen lagundu nahi badiguzu, mesedez jarri gurekin harremanetan e-posta helbide honetan: dzinemaldialternatiboa@gmail.com”.

Antolakuntza jakitun da herritarrek antolatuta, kalean zinema proiektatzean sortzen den komunitatea oso indartsua dela”, eta hori indarrez sustatu nahi dute. “Kultura, behetik eta herritarrontzat pentsatua, ohikoan zinema aretoetatik eta halako festibaletatik kanpo uzten dituzten lanez gozatzeko”.

Zinemaldi Alternatiboa antolatzearena militantziatik eta euro gutxirekin egiten duten lana dela adierazi dute eta dirua biltzeko kanpainaren helburua pantaila profesional bat eta proiektore on bat erostea izango da, aurtengo edizioan gozatzeko eta jada baliabide horiek ere komunitatearen esku jartzeko. “Gure asmoa da herri mugimenduei dei zuzena egitea crowdfunding-ean parte har dezaten beren aukeren araberako ekarpena eginez, are gehiago jakitun gero beharra duenak erabiltzeko modua izango duela. Ekarpen interesgarria dela iruditzen zaigu”.

Zehazki, kalitate handiko pantaila handi bat eta proiektore bat erosi nahi dituzte, “ilunabarretan, oraindik guztiz ilun ez dela ere irudia kalitatez proiektatuko duena”.

Diru bilketa kanpaina Itsulapikoa plataformaren bidez jarri dute martxan.

Zabaldu: