Emakumezko eta gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorren ordez, Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra emango dira.
Irailaren 17tik 25era bitartean egingo da Zinemaldiaren 69. edizioa eta Berlinalek otsailean abiatutako bideari jarraituz, Donostiako zinema jaialdiak ere aurrerantzean, ez du genero-bereizketarik egingo interpretazio-sarietan. Emakumezko eta gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorren ordez, Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra emango dira. “Guretzat, generoak eraikuntza sozial eta politiko bat dira, eta antzezpenean bereizketa egiteko irizpide izateari utzi dio, horregatik erabaki dugu aldatzea. Epaimahaiak antzezpen txarren eta onen artean bereizi beharko du, Berlineko zinema-jaialdiko gure lagunek jada hasitako bide beretik. Aldaketa garaia da, erabakiak hartzeko unea. Arretaz jarraitzen ditugu mugimendu feministaren baitan gai honi eta beste gai batzuei buruz ematen ari diren eztabaidak. Ez dugu ziurtasunik, baina aurrera egin nahi dugu, gizarte justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzen laguntzeko”, azaldu du Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek. Araudia aldatzeak aukera ematen du genero maskulinokoak edo femeninokoak ez diren beste identitate batzuk aintzat hartzeko, eta taldeko interpretazioen lana aintzatesten du, gainera; normalean, ez dute saririk izaten zinema jaialdietan. Sari horiek ex aequo eman ahal izango dira.
Pandemiaren bilakaera nolakoa den, modu batekoa edo bestekoa izango da aurtengo edizioa. Murrizketa sanitarioak egongo dira oraindik ere, baina Zinemaldiak espero du pandemiaren aurreko urtetik gertuago egotea. Iaz bezala, aurten ere ezingo da belodromoa erabili zinema-areto erraldoi gisa, eta ez da ez inaugurazioko, ez itxierako ekitaldirik egongo. Egingo dira, ordea, Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa atzera begirakoa, hasieran aurreikusitakoak baino titulu gutxiagorekin, eta Klasikoak saila. Gainera, Nestek, zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketak, hogei urte beteko ditu eta jarduera-programa berezi bat izango du.
“Espero dugu iaz baino emanaldi gehiago eman ahal izatea eta edukiera handitu ahal izatea, baita alfonbra gorriaren glamourra berreskuratu ere. Azken batean, nahiko genuke aurtengoa, pertsona askorentzako kezka eta sufrimendu handiko urte luze baten ondoren, berriz hirira ilusioa ekarriko duen Zinemaldia izatea”, esan du amaitzeko Rebordinosek.
Aurtengo kartela aurkeztu dute
Prentsaurrean egindako agerraldian aurtengo jaialdiaren irudi nagusia ere aurkeztu dute eta Sigourney Weaver aktorea izango da aurtengo Donostiako Zinemaldiaren kartel ofizialaren protagonista. Irudian aktore estatubatuarraren zuri-beltzeko argazki bat agertzen da, brotxakada koloristekin apainduta. Beste sail batzuetako kartelak ekartzen dizkigu gogora; horiek ere Eva Villar Estudiok diseinatu ditu.
2018an, ildo grafiko berri bat hasi zuen Zinemaldiak karteletarako: argazkia eta ilustrazioa konbinatzen ditu eta nazioarteko zinematografiako pertsona garrantzitsuak ditu protagonista. Isabelle Hupperten, Penelope Cruzen eta Willem Dafoeren ondoren, 2021ean, 69. edizioan, Weaver agertuko da Eva Villar donostiarraren diseinuan eta Matthew Brookesen argazki bat du oinarri.