Donostiako Zinemaldiaren 70 urteko historia ikusgai online eta aurrez aurre

Artxiboa webgune berriak herritarrei aukera eman nahi die 4.000 dokumentu digital baino gehiago (argazkiak, kartelak, egunkariak…) libreki kontsultatzeko, eta, era berean, 27.000 deskripzio-fitxa baino gehiagoko katalogo bat ere jasotzen du, adituek aztertu ahal izateko.

Donostiako Zinemaldiko artxibo historikoko 4.000 dokumentu baino gehiago (korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak, aldizkariak…) eskuragarri daude jada aurrez aurre nahiz online kontsultatzeko, artxiboa.sansebastianfestival.com webgunean. Horrez gain, webguneak 27.000 deskripzio-fitxa baino gehiagoko katalogo bat jasotzen du. “Fitxa horietan deskribatutako materialak aztertu ahal izango dira, irakaskuntza- eta ikerketa-arloko profesionalek eta espezialistek hala eskatuz gero”, azaldu dute.

Artxiboa webgunearekin burutu da 2018an Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) abiatutako Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren lehen fasea. Proiektu horren xedea da Zinemaldiaren artxibo historikoa –Zinemaldiaren sorreratik, 1953tik, gorde dena– kontserbatzea, ikertzea eta kontsulta publikora zabaltzea.

Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan aurkeztu dute webgunea, eta bertan honako hauek daude eskuragarri: Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki baino gehiagoren digitalizazioak; Zinemaldiko egunkarien (egungo Zinemaldia aldizkaria) 711 ale –1954tik gaur egunera arteko aleak kontserbatzen dira–; Zinemaldiko ia edizio guztietako 350 kartel inguru; bai eta Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak ere. Webgunean eskura daitezkeen digitalizazioak Creative Commons BY-NC-SA lizentziapean daude argitaratuak, salbu eta egile-eskubideengatik beste lizentzia murriztaileago batzuen pean argitaratu behar direnak.

Webguneak hainbat atari ditu, eta, haien bidez, Zinemaldiaren 70 urteko ibilbidean bidaiatu daiteke. 70 edizioak izeneko atalean, esaterako, edizio bakoitzeko datuak kontsulta daitezke, urtez urte. Ikerketak atalaren barruan dago Historiak sekzioa –artxiboko materialetatik abiatuta egindako dibulgazio-saiakuntzak– eta bertsio digitalean biltzen ditu gaur egun arte egindako argazki-erakusketak, bai eta Zinemaldia 70 egitasmoak sustatutako programa publiko guztien informazioa ere. Bilduma digitalak atalean, berriz, Hilabeteko dokumentua sekzioa, Zinemaldiko egunkariak, kartelak eta argazkiak daude. Katalogoa atalean, publiko orokorrari eta profesionalei zuzendutako bilatzaileak daude; eta Bisitatu eta kontsultatu artxiboa atalak materiala online nahiz aurrez aurre eskuratzeko moduari buruzko informazioa eskaintzen du.

Proiektuaren izenburuarekin bat etorriz –Zinemaldia 70: historia posible guztiak–, norbanako bat webgunera sartzen den bakoitzean, hasiera orriak edukien lagin berri bat osatuko du artxiboko material desberdinetatik abiatuta. Hala, webgunearen aurkezpena ez da inoiz berdina izango, konbinazio amaigabeak izango ditu. Konbinazio horiek, gainera, ugaritu egingo dira, fitxategia digitalizazio berriekin aberasten den heinean. Lehen fase hori amaitu ondoren, taldeak lanean jarraituko du funtsak kontserbatzeko, katalogatzeko eta digitalizatzeko prozesuetan, bai eta artxiboaren inguruko ikerketa eta pentsamendu kritikoa sustatzko ere.

Bestalde, webguneak inbentario bat jasotzen du, artxiboan gordetzen diren objektuei dagozkien 27.000 katalogazio-erregistro baino gehiago kontsultatzeko aukera ematen duena; objektu horiek, digitalizatuta dauden gorabehera, behar bezala deskribatuta eta lokalizatuta ageri dira. Material horiek (batez ere administrazio-dokumentazioa eta korrespondentzia, prentsa-artxiboa, argazkiak eta kartelak) aurrez aurre aztertzeko aukera izango da Euskadiko Filmategiko irakurketa-aretoan, 2023ko urtarriletik aurrera webgunearen bidez hala eskatzen duten irakaskuntza- eta ikerketa-arloko profesionalek eta espezialistek soilik izango dute aurrez aurre aztertzeko aukera–.

Bildumaren epe luzeko kontserbazioa bermatzeaz eta haren irisgarritasuna ahalbidetzeaz gain, proiektuaren lehen fasearen helburu nagusia artxibo bizi bat sortzea izan da, Zinemaldiaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketarako eta eztabaidarako gune bat, pentsaera, ikerketa eta sorkuntza garaikidearen inguruko elkarrizketa kritikoetara irekia. Horretarako, EQZEko graduondoko ikaslez osatutako taldeek garatutako ikerketa-ardatzak zehaztu dira proiektuaren hasieratik. Pablo La Parra Perez ikertzailea aritu da horiek zuzentzeko lanetan, Zinemaldiko zenbait departamenturekin lankidetzan. Ikerketa-fokuek Zinemaldiaren historian oso ezagunak ez diren edo argitaratu ez diren alderdietan jarri dute arreta: Francoren diktaduraren garaiko zentsura zinematografikoa; Trantsizioaren urteetan izan zituen eraldaketak eta demokratizazioa; Zinemaldiaren ikusizko historia ikuspegi kritiko eta feministatik berrikustea, haren argazki-ondarearen bitartez; ikasle eta zinema-eskolen parte-hartzea, hala nola 60ko hamarkadan egindako zinematografia-eskolen lehen topaketa, gaur egungo Nest saila eta 1983. eta 1985. urteen artean egindako Bideo Jaialdia.

Zabaldu: