Dora Salazar artistak ‘Habitar el cuerpo’ hitzaldia eskainiko du bihar, Donostiako Koldo Mitxelena Kuturunean

Hitzordu hori Garaikidetasunaren krisia zikloan kokatzen da. Artista nafarrak Vilma Cocoz eta Javier Echeverria lagun izango ditu arratsaldeko 19:00etan hasiko den hitzaldian.

Garaikidetasunaren krisia elkarrizketa eta hitzaldien zikloaren barruan, Habitar el cuerpo izeneko hitzaldia antolatu dute Dora Salazar artista plastikoaren (Altsasu, 1963) eskutik. Altsasuarrak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean ikasi zuen, eta Eskultura espezialitatean doktoratu zen. Bere lanean garrantzi berezia hartzen du emakumeen gorputzarekiko harremanak, banakako interpretaziotik abiatuta, narrazio subjektu gisa. Zeharkako ikuspegi bat da, bere lan guztietan nabari dena 1990eko hamarkadaren hasieran egindako kortseen serietik hasita eta Bilbon kokatutako  Zirgariak eskultura multzoraino. Elkarrizketa kolektiboa emakumeen gorputz instrumentalizatuetatik ezartzen da.

2000. urtean, artistak Recorridos liburua argitaratu zuen. Bertan, Donostiari buruzko hausnarketa egin zuen 51 marrazkiren eta Bernardo Atxagaren testuen bidez. Bere ibilbideari dagokionez, hainbat hiritan antolatu ditu erakusketak, hala nola Parisen, Berlinen, Ohion, Erroman, Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian. Gainera, bere lanak Nafarroako eta Arabako Arte Ederretako Museoetan, Bizkaiko Batzar Nagusietan, Zarauzko itsas pasealekuan eta Koldo Mitxelena Kulturunean aurki daitezke. Aipatzekoa da, azkenik, bere eskultura lanak hainbat sari jaso dituztela.

Biharko saioa 19:00etan hasiko da, eta Salazarrekin batera izango dira Vilma Coccoz eta Javier Echeverria.

Garaikidetasunaren krisia zikloaren laugarren saioa.

Joan den azaroan hasi zen Garaikidetasunaren krisia zikloa eta bere helburua da diziplina intelektualen eta eremu artistikoen arteko trukeak bultzatzea, elkarlanaren eta elkartrukearen ondoriozko analisi kritiko eta argumentatu batean oinarritu daitezkeen gizarte, hezkuntza eta laguntza ekintzak bideratzeko.

Zabaldu: