‘Dragoi Bolatik infinitura – Akira Toriyamari omenaldia’ erakusketa ireki dute Donostian

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astearen barruan zabaldu dute erakusketa berria azaroaren 10era arte, Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo).

Dragoi Bolatik infinitura – Akira Toriyamari omenaldia izeneko erakusketak hogeita sei ilustratzaileren lana biltzen du, “mangak izan duen egile garrantzitsu, itzal handiko eta maiteetako baten lana, Akira Toriyamarena, berrinterpretatzeko”, azaldu du Jorge Madejon komisarioak.

Madejonen arabera, “80ko hamarkadaz geroztik, Dragon Ball eta Dr. Slump mangak eta animeek milioika zale gozarazi dituzte munduan zehar. Lan horietan, irakurleok gainezka ikusi ditugu sormena, irudimena eta umorea, baita karismaz eta nortasunez beteriko pertsonaia kutunak ere. Ahaztu gabe, nola ez ba, ibilgailuen bere diseinu zoragarriak eta era guztietako tramankuluenak, baita adibidez, Dragon Quest bideo-jokorako bere pertsonaienak ere”.

Bere sorkuntzek abenturazko istorioetan eta irakurle jarraitzaile askorengan eragin handia izan dutela dio erakusketako komisarioak, “gai hauekin esaterako: superazio borondatea, adiskidetasunaren gorespena eta bere aparteko umore sena eta positibotasuna”. Bestetik, haur eta heldu ugari animatu dira bere pertsonaiak marrazten saiatzera, eta horrela jabetu dira marrazkiarekiko duten pasioaz.

Egileak

Erakusketarako parte hartu duten egileak izan dira Garluk Aguirre, Mikel Antero, Arubashi (Alba Cardona), Jordi Bayarri, Pedro Camello, Anabel Colazo, Borja Crespo, Deliciest, Enkaru, Aitor Etxebeste, Irina Hirondelle, Iñaki Holgado, Jon Juarez, Joseba Larratxe (Josevisky), Letucse, Stephane Levallois, Garbiñe Martiarena, Isara, Gorka Ortega Mac, Patxi Pelaez, Dani Ruiz, Studio Kôsen, Aritz Trueba, Paul Urkijo, Maria Vaz-Romero eta Wakaiki.

Zabaldu:

Utzi erantzuna