(argazkia: AEK)

Durangaldeko berbalagunek ‘Poltsikorako hitanoa’ liburuxka argitaratu dute

Durangon hitanoz hitz egiten ikasteko eta praktikatzeko Hiketalagun taldea sortuko dute uda ostean.

Durangaldean hitanoz naturaltasunez egiten duten herritar gehienek 70 urte baino gehiago dituzte; gazteagoen artean, aldiz, eta salbuespenak salbuespen, ez dago hitanoz aritzeko ohitura handirik. Hori dela eta, Durangaldeko berbalagunek eskualdeko hitanoaren erabilera sustatzeko bi ekimen abiatu dituzte: Hiketalagun taldeak eta Poltsikorako hitanoa liburuxka.

Hiketalagun taldeari dagokionez, 2020ko abenduan, aste gutxian, 40 lagunek baino gehiagok eman zuten izena hitanoz hitz egiten ikasteko eta praktikatzeko. Urtarrilean hastekoak ziren, baina osasun egoeraren eraginez, atzeratu egin behar izan zuten; uda ostean, berriro irekiko da izena emateko epea. Hitanoz jarduteko taldeak sortu aurretik,  hilabeteko ikastaroa eskainiko da. Bai ikastaroa bai taldeetako parte-hartzea doakoak izango dira.

Poltsikorako hitanoa liburuxka da bigarren egitasmoa.

Era berean, Poltsikorako hitanoa liburuxka Hiketalagun taldeen osagarria da. Honetan, Durangaldeko hitanoan hitz egiteko beharrezko azalpen guztiak ageri dira: noiz eta nola erabili, aditz-taulak… Formatu digitalean ere eskura daiteke: https://labur.eus/2ENfR

Bestalde, liburuxka osatzeko eta ikastaroa emateko, hitanoak izandako hiztun-galerarekin kezkatuta dauden hainbat iurretarren laguntza jaso dute.

Hau guztia biribiltzeko, Berbalagun egitasmoak, Iurretako jai batzordearekin batera, bertso-saioa antolatu du ekainaren 20rako, Iurretako plazan. Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Eli Pagola eta Eneko Abasolo Abarkas hiketan ariko dira, eta gai-jartzailea Maite Berriozabal izango da. Saioa arratsaldeko 18:00etan hasiko da.

Beste herrietara zabaltzeko aukera

Durangaldean egin den bezala, AEKren Praktikatu zerbitzuko kideek Hiketalagun programak abiatzen jarraituko dutela iragarri dute. Informazioa eskuratzeko: praktikatu@aek.eus

Zabaldu: