Durangaldeko herri guztiek gutxienez bisita bat izatea da helburua. Bestetik, Durangoko kale eskulturak ezagutzeko bisita gidatu berria diseinatu du elkarteak.
Durangaldeko ondarea eta historia ezagutzera emateko asmoz, Gerediaga Elkarteak taldeei zuzendutako bisita gidatuen katalogoa osatzen ari da, eskualdeko herri guztiek gutxienez bat izan dezaten. Gaur gaurkoz, Durango, Iurreta, Garai, Elorrio eta Otxandioko bisitak daude prest.
Bisita gidatuak gehienez 25 laguneko taldean egiteko daude diseinatuta eta bataz beste ordu eta erdiko bisitak dira. Herri bakoitzeko leku esanguratsuak ikusi eta herriaren historian eta ondarean sakontzeko aukera izaten da.
Durangoko Udalak apirilaren 20an eta 21ean antolatuko duen Plazara ekimena aprobetxatuz, diseinatutako bisita gidatu berria aurkeztuko dute: “Durangon aire librean dauden kale eskulturak ezagutuz antolatutako ibilbidea izango da”, azaldu dute Gerediagakoek.
Bi bisita izango dira, euskaraz eta gazteleraz. Ezkurdi plazako iturrian hasita, zazpi eskultura bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukera egongo da. Hala ere, Durangon zehar dauden beste horrenbeste eskultura ere aipatuko dira bisitan. Besteak beste, Vicente Larrea, Nestor Basterretxea, Jesus Jauregi edota Imanol Marrodanen artelanak dira. Bisita doakoa izango bada ere, aurretik izena eman beharko da Gerediaga Elkartean: gerediaga@gerediaga.eus / 946818066
Euskarazko bisita goizeko 10:30ean izango da eta gaztelerazkoa 12:30ean.