Durangoko Azokak aurtengo egitaraua eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu

933 nobedade eta 200 kultur ekitaldi izango dira Azokako guneetan. Aurtengo edizioa abenduaren 5etik 8ra bitartean izango da.

Durangoko Azokak 59. edizioko egitaraua eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur, San Agustin kulturgunean antolatutako prentsaurrekoan. Landako Gunean 274 erakusmahai izango dira abenduaren 5etik 8ra eta 933 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek hartzeko eta emateko.

Antolatzaileen esanetan, “denetariko estilo eta gaiak jorratzen dituzte sorkuntza lan horiek, eta tokikoak bezala, mundu mailakoak ere badira. Esaterako, Palestinari buruz aurkeztuko diren zenbait lan, euskaratik ere munduari begiratzen zaion adibide”.

Bestalde, lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dira ondorengo guneetan:

Talaian, esaterako, Euskaraldiaren kantua emango da ezagutzera. Urtero bezala, Euskadi Literatura saridunekin solasaldia egingo da. Gainera, EITBrekin lankidetzan sortu den BaDAbil bideopodcast-aren azken saioa, azokako azken egunean bertatik bertara grabatuko da, jendaurrean.

Museoan, Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa egongo da ikusgai, azaroaren 28tik aurrera. Horren harira, hitzaldi bat eta bisita gidatuak antolatuko dira, eta artista bermeotarrari omenaldia ere egingo zaio abenduaren 7an, Landako Guneko areto nagusian. Bestalde, Euskal Editoreen Elkarteak hizkuntza minorizatuetako editoreen topaketa antolatuko du Museoan.

Ahotsenean, berriz, 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira. Belaunaldi askotako sortzaileek transmisioaren katebegia gorpuztuko dute. Plazara lehen aldiz agertuko direnekin batera arituko dira urteetan euskaraz sortzen ari diren idazle eta musikariak. Ahotsenea Literatura Landako Gunearen albo batean, parkeko eremuan instalaturik egongo da; Ahotsenea Musika, ostera, Plateruenean.

Irudienean, euskarazko zinemagintzaren plaza, 40 lan eskainiko dira. Umeentzat hainbat lan egongo dira; Irabazi arte telesailaren estreinaldia, adibidez. Hainbat gazte zinemagileren lanak ere ikusi ahalko dira, Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea eta Jone Arriolaren Hor konpon, besteak beste. ITOIZ, udako sesioak dokumentalaren teaserra ere aurkeztuko dute egileek.

Kabia gunean, euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak ezagutzeko aukera egongo da, euren artean hitanoa erabiltzeko AppaHi! aplikazioa. Tailerrak, jokoak eta solasaldiak ere izango dira. Elhuyar fundazioak, esaterako, adimen artifizialaren aukera eta mehatxuen inguruko eztabaida antolatuko du.

Saguganbaran, haurrei eskainitako 25 ekitaldi programatu dira: aurkezpenak, irakurketak, tailerrak… Berrikuntza gisa, gorren komunitatearen ohitura eta kultura ezagutzeko liburua aurkeztuko du Julian Rodriguezek. Abenduaren 6an Porrotx, Marimotots, Virginia Garcia eta Leire Bilbaok egingo duten liburu aurkezpenerako gonbidapenak banatuko dira egunean bertan, 10:30ean, Saguganbarako sarreran.

Azkenik, Szenatokia arte eszenikoen gunean, hamar konpainien pieza laburrak ikusteko aukera egongo da; gehienak antzezlanak izango diren arren, dantza eta bakarrizketak ere izango dira. Nabarmentzekoa da hainbat proposamen sexualitatearekin eta genero gaiekin lotuta egongo direla; esaterako, Las Paralelas konpainiaren Odola izeneko pieza performatiboa, hilekoari buruzkoa, eta Libe Mendizabal eta Zaloa Zamarreñoren Ontziratuak izeneko lana. Bestalde, Karrika antzerki talde durangarrak obra berria ere aurkeztuko du.

Ikasle Goiza

Abenduaren 5ean, Ikasle Goizarekin ekingo dio Durangoko Azokak aurtengo edizioari. Haiei eskainitako tailerrak egongo dira gunez gune. Hala ere, azoka zabalik egongo da bisitari guztientzat. Abenduaren 6an, berriz, Gazte Eztanda izango da. Egitarauak gazteei zuzenduriko ekintza ugari jasoko ditu, egun osoko plana egin ahal izan dezaten. Gainera, gauez ere kontzertua egongo da Landako plazan instalatuko den karpan, Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeen eskutik. Egun osoko jaialdira etortzeko, autobusak antolatuko dira Gasteizetik eta Iruñetik.

Durangoko Azoka iragartzeko kartela Udatxo eta Balu artistek sortu zuten, eta eurek proposatuta, abenduaren 6an azoka egongo dira, kartelak bisitariei banatu eta sinatzen. Bestalde, egun berean, Marramiau sorkuntza kolektiboak Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesaila estreinatuko du bi emanalditan, Saguganbaran eta Irudienean. Iazko Sormen Bekaren emaitza da.

Bestelako informazio ere eman dute gaurko agerraldian. Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prest egongo dela nabarmendu dute. “Puntu moreak ezarriko dira, eta norbaitek beharra izango balu, bertara jo ahalko luke. Landako Guneko Informazio puntua eta txapa morea soinean eroango duten antolatzaileak izango dira puntu more horiek”.

Gainera, Durangoko Azokaren 60. edizioa izango da datorren urtean, eta horren harira, gaur eguneko azokaren argazkia emango duen ikerketa egiten hasi da antolakuntza. Inkestatzaileek bisitariengana joko dute iritzia eskatzeko. Horrez aparte, sortzaileekin eta partaideekin ere beteko dituzte galdetegiak beste fase batzuetan.

Ordutegiari dagokionez, iazko eredua mantenduko da, igandeko itxiera aurreratuta. Hortaz, azoka 10:30ean zabaldu eta 20:00etan itxiko da egunero, baina abenduaren 8an arratsaldeko 18:00etan zarratuko da.

Egitarau osoa, webgune honetan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna